euskadi atsegin handiz

euskadi.net

Hasiera

» Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Helmuga hautatu
  4.  
  5. Hiriburuko helmugak
HELMUGA HAUTATU
 
HIRIBURUKO HELMUGAK
Mama, Louise Bourgeoisen eskultura, Bilboko Guggenheim Museoaren alboan
Bilbo
Bizkaia lurralde historikoaren ipar-mendebaldean dago Bilbo, Ibaizabal-Nerbioi ibaia itsasoratzen den tokitik oso gertu. Bizkaiko hiriburua izateaz gain, Euskadiko hiri jendetsuena eta industrializatuena da. Mendiz inguratuta dago, Pagasarri, Ganeta, Restaleku, Arnotegi, Artxanda eta Santo Domingo gainen artean.

Denetariko jarduerak egiteko aukera zabala eskaintzen dio Bilbok bisitariari. Erabateko hazkundea bizi du, eta horren erakusgarri dira, besteak beste, Metroa, portua handitzea, gune berdeak ugaritzea, Guggenheim Bilbao Museoa eta Euskalduna Jauregia. Eraldaketa handi horrek, hala ere, ez du ekarri hainbat bazterren xarma galtzea.

Zazpikaleak

Alde zaharra da hiribilduaren bihotza. Zazpikaleak izenaz ezagunagoa dena Bizkaiko hiriburuko merkataritza eta aisiarako gune garrantzitsuenetakoa da. Plazer hutsa da gaur egun bertako kaleetako taberna, jatetxe eta saltoki klasiko eta berritzaileen artean paseatzea.

Handik oso gertu, Areatzako zubiak XIX. mendeko zabalgunearekin lotzen du alde zaharra. Etxe-uharte edo etxadi zabal eta eraikin dotorekoa, Kale Nagusia da horren ardatz nagusia; horren zati handi bat oinezkoentzako gune egin dute, gainera. Merkataritzagune eta banku askoren egoitzak daude bertan. Bizkaiko hiriburua finantza eta zerbitzu hiria ere bada; Bilboko Burtsa (Estatuko finantzen neurgailuetako bat) eta Bilbao Exhibition Centre (mundu-mailako batzar inportanteak hartzen dituena) dira ekonomiaren alorrean Bilbok duen garrantziaren adierazleetako bi. Bestalde, Euskadiko porturik handiena eta garrantzitsuena da Bilbokoa, baita Europako lehenengoetakoa ere.

Hiri abegitsua, plurala eta kosmopolita bihurtuta, Bilbok gero eta turista gehiago hartzen ditu urterik urtera, Aste Nagusian (urteko festa handiena) gehienbat. Abuztuan ospatzen dira hiriko jai nagusiok, eta Mari Jaia izaten da urtero horien arima.
Kontxako hondartza, Donostia
Donostia
Bizkaiko Itsasoaren ertzean eta mendi berdez inguratuta, Donostiak paisaia liluragarria du. Gipuzkoako lurralde historikoaren hiriburua Euskadiko kultura eta turismoaren erakusgarri handienetakoa da eta erakargarri egiten duten ezaugarri asko ditu.

Itsasoa babesten duen maskor itxurako badia da hiriko irudi ikusgarrienetakoa. Handik abiatuz gero, ibilaldi atsegina egin dezakegu Ondarreta hondartzaren amaierara arte; hala, Haizeen Orrazia ikusi ahal izango dugu, hots, Eduardo Chillidaren eskultura bikaina. Halaber, Kursaal eta Miramar jauregiak, Boulevard zumardia eta Urumea ibaia oso esanguratsuak dira eta hiriari ukitu dotorea ematen diote. Erdigunera joanez gero, Artzain Onaren katedralarekin egingo dugu topo; estilo neogotikoa du eta ehun urte bete ditu jada. Hiriko leku askotatik ikus daiteke gainera, 75 metroko altuera du eta.

Alde zaharra, hiriko bihotzean

Alde zaharra Urgull mendiaren babesean aurkituko dugu, portuaren eta Urumea ibaiaren bokalaren artean. Xarma handiko lekuak daude bertan, Konstituzio plaza tartean. Alde zaharraren bihotzean dago eta enparantzako eraikinen balkoietan dauden zenbakiek antzina zezen plaza bezala erabili zutela ekartzen digute gogora. Arratsaldeetan eta asteburuetan, jende asko batzen da alde zaharreko karriketan. Giro paregabea egon ohi da dendaz, tabernaz eta jatetxez josita dauden kaleetan, eta bertan sukaldaritza tradizionala eta berritzailea uztartzen dituzten jaki gozoak dastatzeko aukera aparta dago. Pintxo gozoak jan ondoren, Alderdi Ederreko lorategietara eta Gipuzkoa plaza ederrera joan gaitezke.

Bestalde, Donostiako agendak ekitaldi franko eskaintzen ditu urte osoan zehar. Nazioarteko Zinemaldia Jaialdia nabarmentzeko modukoa da; izan ere, mundu osoko aktoreak eta zuzendariak izaten dira bertan zinema onenaz gozatzeko. Horrez gain, Jazzaldia ezin ahantz dezakegu, ezinbesteko hitzordua baita musika-genero hau atsegin dutenentzat.

Gainera, jai-egitaraua urtarrilaren 20an hasten da, San Sebastian eguna dela eta. Festari, ordea, bezperan ekiten diote Konstituzio enparantzan; hiriko bandera jasotzen dute orduan, Donostiako martxaren doinuak entzuten diren bitartean. Hurrengo egunean, danbor-soinua izaten da nagusi hiriburuko kaleetan. Azkenik, beste bi jai nabarmendu behar ditugu; udan, Donostiako Aste Nagusia eta egunotako su artifizialen lehiaketa bikaina; eta neguan berriz, Santo Tomas festa. Egun horretan, txistorra dastatzeko aukera paregabea izango dugu kaleetan dauden postuetan.
Andre Maria Zuriaren Plaza, Gasteiz
Gasteiz
Arabako eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiriburua da Gasteiz. Lurralde historikoaren erdigunean dago eta EAEko erakunde garrantzitsuenak bertan daude: Lehendakaritza Ajuria Enean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza Lakuan eta Eusko Legebiltzarra. Hala, Gasteiz jarduera administratiboaren erdigune da.

Horrez gainera, hiri monumentala dugu. Hirigune historikoa, esaterako, Monumentu Multzo izendatu zuten 1997an. Trazatu gotikoa eta karrika estuetan barrena dauden etxetzar eta jauregiak ederki asko gorde ditu hiriak urteen joan-etorrian. Nabarmentzekoak dira alde zaharreko lau elizak: Santa Maria katedrala edo katedral zaharra, hirigunearen goiko aldean topatuko dugun eliza; San Pedro eta San Bizente elizak, eta San Migel parrokia. Azken horretan gurtzen dute Andre Maria Zuria, Gasteizko zaindaria.

Amabirjinaren izena daraman plaza San Migel elizaren azpian dago. Gasteiztarren eguneroko bizitzaren erdigune dugu, eta gainera, oso leku ezaguna da; izan ere, Andre Maria Zuriaren jaiak bertan hasten dira abuztuaren hasieran, Zeledonen jaitsierarekin. Plaza Berria, 1984an monumentu artistiko-historiko izendatu zuten enparantza, handik oso gertu dago. Arkupez inguratuta dago udaletxea hartzen duen plaza eta bertan hasten da zabalgune neoklasikoa. Handik abiatuta oinezkoentzako kaleak aurkituko ditu bisitariak, eta horietan merkataritza giro bizia egon ohi da.

Berdegune handiak

Hirigintza eta ingurumena ongi uztartzen jakin du EAEko hiriburuak. Estatuan inguru berde gehien duen hirietako bat da Gasteiz, biztanle bakoitzeko 40 metro karratuko gune berdea baitago aisialdirako. Erdigunetik kilometro gutxira daude Gasteizko eraztun berdea osatzen duten lau naturguneak; Olarizu, Armentia, Salburua eta Zabalgana. Hirigunea eta landagunea lotzeko balio dute, eta ekologiaren eta paisaiaren aldetik garrantzi handia dute.

Bestalde, kultura eskaintza zabala dago Gasteizen. Kultur etxe eta museo ugari daude, tartean Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa. Egitarau oparoan hainbat kultura-jarduera azpimarratzeko modukoak dira; Euskal Zinemaren Astea, Udaberriko Artisautza Azoka eta Nazioarteko Jazz Jaialdia, esate baterako.
 
HIRIBURUAK
Udalerria