Kantauri itsasoaren urdinak eta kostalderaino iristen diren mendien berdeak bat egiten dute Gipuzkoan, inguru basatietako zein hirietako hondartzak, arrantza giroko portuak, interes ekologiko handiko padurak eta ezaugarri geologiko bitxiak ezkutatzen dituzten itsaslabar malkartsuak tartekatzen dituen itsasbazterrean, hain zuzen.
Jaizkibel (545 m) mendia gailentzen da Gipuzkoako ekialdeko muturrean, Pasaiako eta Txingudiko badia ederren artean. Azken horretan, lurraldeko hiribildurik ederrenetakoa aurki dezakegu: Hondarribia, Frantziako mugatik gertu, oporlekutzat aukeratzen dute askok. Hondartza luzeaz gain, alde zahar bikaina eta interes handiko eraikinak daude bertan, Karlos V.a enperadorearen gaztelua (egun paradore dena), tartean. Harriztaturiko kaleetan behera abiatuta, Marina arrantzaleen auzora iritsiko gara. Han, lorez apaindutako arrantzaleen etxe koloretsuak nabarmentzen dira.
Handik ez oso urruti, Kontxako badiaren inguruan hazi da Donostia. Hiru hondartza eder, itsas pasealeku bikaina, alde zahar bizia, eraikin dotoreak eta gastronomia eskaintza ezin hobea ditu hiriak. Ondorioz, ez da harritzekoa XIX. mendeko goi aristokraziak oporrak igarotzeko aukeratu izana.
Mendebaldeko kostalde basatia
Inolako zalantzarik gabe, Zarautz Gipuzkoako herririk garrantzitsuenetarikoa da, besteak beste ingurune zoragarriak eta interes turistikoa dituelako. Izan ere, oso hondartza famatua du, surflarien gozagarri, eta baita ondare kultural zabala ere, Santa Maria la Real parrokiak, Narros jauregiak eta Torre Luzeak erakusten duten bezala. Getaria arrantzale herria ere ezagutzeko modukoa da. Juan Sebastian Elkano nabigatzailearen eta Cristobal Balentziaga jostunaren jaioterrian, txakolina (jatorri izendapena duen ardo zuria) edateko edota kalean bertan txingarretan erretako arrain freskoa jateko aukera paregabea izango dugu. Handik gertu, Zumaia dago; Erdi Aroko itxurak eta inguruan dituen itsaslabarrek berezi egiten dute kostaldeko herri hau. Horietan barrena, ibilaldi atseginak egin ditzake bisitariak.
Bizkaiko mugatik oso gertu, Deba eta Mutriku herrietako kresal usaina antzemango dugu. Bi horiek Gipuzkoako kostaldeak gordetzen dituen altxor preziatuenetakoak dira. Deban historiaurreko aztarnak aurkitu zituzten 1969an; Ekaingo kobazuloak, hain zuzen. Mutriku, bestalde, XIII. mende hasieran sortu zuten, eta, egun, antzinako harresien aurriak eta interes artistiko handiko dorretxe eta jauregiak topa ditzakegu han, Kantauri itsasoko porturik zaharrenetarikoa dugun horren inguruan.
Barnealdeko haranak
Eraikin dotorez eta elizaz betetako hiribildu monumentalak; iragana gogora ekartzen diguten burdinola eta gatzagak; gailur garaiak dituzten naturguneak; eta landa giroan baserriz jositako guneak, industriaguneetatik gertu zenbait kasutan. Berezko nortasuna duten hiru eskualde (Tolosaldea, eta Urola eta Deba ibaien arroetako goiko aldeak) berezi egiten dituzte ezaugarri horiek: Gipuzkoa Berdea delakoaren barruan daude eta aldi berean monumentala, landa girokoa eta industriala den ingurua osatzen dute.
Oria ibaiaren ibilbideari jarraiki, Txindoki (1.346 m) mendiaren babesean kokatzen da Tolosaldea, Goierrirekin batera euskal kultura eta folklore tradizioak ondoen gorde dituen eskualdea. Tolosa, eskualdeko burua, Gipuzkoako hiriburu ere izan zen garai batean. Egun, urtean zehar antolatzen dituzten kultura jarduerek (abesbatzen eta txotxongiloen nazioarteko jaialdiak, tartean), txapelak egiteko tradizioak eta inauteri entzutetsuek egiten dute ezagun Tolosa. Halaber, ezin ditugu ahaztu herriko gozogintza oparoa, ezta denboraldiko produktuak salgai jartzen dituzten merkatu eta azokak ere. Azken horiek sarritan ikus ditzakegu inguru hartan. Izan ere, Tolosaldean gastronomia eskaintza aparta dago: Tolosako babarrunak, Ibarrako piperrak, sagardoa eta behi-txuletak... ohikoak dira bertan. Eskualdean barrualdera bagoaz, bestalde, Amezketa, Abaltzisketa eta landa giroko beste zenbait herri topatuko ditugu, bisitariak liluratuta utziko dituzten naturgunez inguratuta.
Urola eta Deba haranak
Menderik mende, landa eta hiri giroek bat egin dute Urola arroko goiko aldean. Zumarragak, Urretxuk, Legazpik eta Ezkio-Itsasok osatzen dute bertan Burdinaren Bailara delakoa. Urola ibaiaren ertzetan, ugariak izan ziren burdinolak, presak, errotak... Burdinaren kultura erabat errotuta dago inguru hartan, eta hori nabarmen islatzen da Mirandaola Legazpiko burdinolan, esaterako. Han, burdinarekin lan egiten zuten artisauen ogibide zaharra nolakoa zen erakusten dute. Gainera, abeltzaintzak eta nekazaritzak ere garrantzi handia izan zuten; Artzaintzaren Ekomuseoa (Legazpin hau ere) eta Igartubeiti Museoa (Ezkio-Itsason) dira horren adierazgarri.
Gipuzkoako barnealdea, gainera, monumentala ere bada. Ignaziotar lurraldean gaude bete-betean, eta Hiru Tenpluen Ibilbide ezagunak erromanikoaren, barrokoaren eta abangoardiaren altxorrak ezagutzeko parada ematen dio bisitariari, eraikin hauen bitartez: Antiguako baseliza Zumarragan, Loiolako basilika Azpeitian eta Arantzazuko santutegia Oñatin, Aizkorriko parke naturalaren magalean. Azken herri hori Debagoiena eskualdeko erakargarri nagusienetako bat da, izan ere, San Migel eliza gotikotik hasi eta Sancti Spititus Unibertsitate errenazentistara arte, arkitektura ondare bikaina du.
Bergara dugu eskualdeko beste hiribildu monumentaletako bat. Alde zahar historikoan oinetxeak, elizak eta hainbat eraikin historiko, Erret Mintegiaren (XVIII. mendean zientzialarien bilgune izan zen) egoitza tartean, ikus ditzakegu, besteak beste. Gipuzkoako hegoaldeko muturrean, berriz, Leintz-Gatzaga, gatzaren produkzioari lotutako herria, aurkituko dugu. Gaztelara joateko errege-bidearen igarobide garrantzitsua izan zen iraganean, eta, egun, hiribildura sartzeko hainbat ate ikus daitezke oraindik ere. Merezi du han alde zaharrean barrena ibiltzea edo Gatzaren Museoa bisitatzea. "Urre zuria" produzitzeko antzina erabiltzen zituzten instalazioetan dago hori.
Goierri
Gipuzkoaren barrualdea erabat ezagutzeko ezinbestean bisitatu beharreko parajea da Goierri; izan ere, lurralde historikoaren bihotzean dago. Eskualdea 18 herrik osatzen dute eta Arabarekin eta Nafarroarekin egiten du muga.
Goierrin, baserriko eta hiriko giroek bat egiten dute; garapen sakona izan dute, baina bertako biztanleek aberastasun historikoa gorde dute. Hortaz, paisaia natural ederrez gain, enpresa eta industrialde handiak ikusiko ditugu.
Ordizia herria abiapuntu ederra izan daiteke gure bidaiarentzat. Oso ezaguna da han asteazkenero ospatzen duten azoka, 1512tik egiten dute eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuetan espezializatu da. Ondoren, Beasainera joan gaitezke Igartzako Monumentu Multzoa ezagutzeko; izan ere, jauregia, ermita eta bestelako eraikinak daude eta merezi du bisitatzea. Ibilbide kulturala osatzeko, Lazkaoko ondarea ikustea oso interesgarria izan daiteke, monasterio zoragarriak baitaude bertan.
Naturgune ederrak: Aralar eta Aizkorri
Naturari dagokionez, erliebe liluragarria ageri da Aralar mendizerran. Kareharrizko tontor handiak, ibai eta iturri xarmantak, landaretza eta fauna aberatsa eta mitoz eta kondairaz beteriko usadioak topatuko ditugu bertan. Argi dago osagai horiek guztiek bisitaria txundituko dutela. Halaber, Aizkorri parke naturalak eragin bera du. Ingurune honetako bidexkatan barrena abiatuz gero, San Adrian kobazulo ospetsua ikusiko dugu, baita garai bateko erromatarren galtzadak ere.
Gainera, eskualde honen ezaugarri guztiak ongi ezagutzeko, gomendagarria da beste hainbat herritara ere joatea. Idiazabalen, esaterako, nazioartean oso ezaguna den gazta dastatzeko parada dugu. Horrez gain, Segurako eta Zeraingo kaleetan txangoa egin dezakegu hango zirrikituak behatzeko. Gure bidaiari azken ukitua emateko, Ormaiztegitik igaroko gara, eta, bertan, Zumalakarregi museo historikoaz goza dezakegu.
Donostia
Bizkaiko Itsasoaren ertzean eta mendi berdez inguratuta, Donostiak paisaia liluragarria du. Gipuzkoako lurralde historikoaren hiriburua Euskadiko kultura eta turismoaren erakusgarri handienetakoa da eta erakargarri egiten duten ezaugarri asko ditu.
Itsasoa babesten duen maskor itxurako badia da hiriko irudi ikusgarrienetakoa. Handik abiatuz gero, ibilaldi atsegina egin dezakegu Ondarreta hondartzaren amaierara arte; hala, Haizeen Orrazia ikusi ahal izango dugu, hots, Eduardo Chillidaren eskultura bikaina. Halaber, Kursaal eta Miramar jauregiak, Boulevard zumardia eta Urumea ibaia oso esanguratsuak dira eta hiriari ukitu dotorea ematen diote. Erdigunera joanez gero, Artzain Onaren katedralarekin egingo dugu topo; estilo neogotikoa du eta ehun urte bete ditu jada. Hiriko leku askotatik ikus daiteke gainera, 75 metroko altuera du eta.
Alde zaharra, hiriko bihotzean
Alde zaharra Urgull mendiaren babesean aurkituko dugu, portuaren eta Urumea ibaiaren bokalaren artean. Xarma handiko lekuak daude bertan, Konstituzio plaza tartean. Alde zaharraren bihotzean dago eta enparantzako eraikinen balkoietan dauden zenbakiek antzina zezen plaza bezala erabili zutela ekartzen digute gogora. Arratsaldeetan eta asteburuetan, jende asko batzen da alde zaharreko karriketan. Giro paregabea egon ohi da dendaz, tabernaz eta jatetxez josita dauden kaleetan, eta bertan sukaldaritza tradizionala eta berritzailea uztartzen dituzten jaki gozoak dastatzeko aukera aparta dago. Pintxo gozoak jan ondoren, Alderdi Ederreko lorategietara eta Gipuzkoa plaza ederrera joan gaitezke.
Bestalde, Donostiako agendak ekitaldi franko eskaintzen ditu urte osoan zehar. Nazioarteko Zinemaldia Jaialdia nabarmentzeko modukoa da; izan ere, mundu osoko aktoreak eta zuzendariak izaten dira bertan zinema onenaz gozatzeko. Horrez gain, Jazzaldia ezin ahantz dezakegu, ezinbesteko hitzordua baita musika-genero hau atsegin dutenentzat.
Gainera, jai-egitaraua urtarrilaren 20an hasten da, San Sebastian eguna dela eta. Festari, ordea, bezperan ekiten diote Konstituzio enparantzan; hiriko bandera jasotzen dute orduan, Donostiako martxaren doinuak entzuten diren bitartean. Hurrengo egunean, danbor-soinua izaten da nagusi hiriburuko kaleetan. Azkenik, beste bi jai nabarmendu behar ditugu; udan, Donostiako Aste Nagusia eta egunotako su artifizialen lehiaketa bikaina; eta neguan berriz, Santo Tomas festa. Egun horretan, txistorra dastatzeko aukera paregabea izango dugu kaleetan dauden postuetan.