euskadi atsegin handiz

euskadi.net

Hasiera

» Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Helmuga hautatu
  4.  
  5. Bizkaiko helmugak
HELMUGA HAUTATU
 
BIZKAIKO HELMUGAK
Gernikako itsasadarra
Bizkaiko kostaldea
Bizkaiko kostaldean, Ondarroa eta Muskiz bitartean dauden 150 kilometroetan zehar, kostako udalerriak, hondartza ugariak eta natur ingurune ederrak uztarturik ageri zaizkigu. Bertora hurbiltzen denak, arrantzako herri txikien ezaugarriak ezagutuko ditu, Bizkaiko kostaldean dauden 28 hondartzekin harrituta geldituko da eta mila espezietako hegaztiak aurkituko ditu Urdaibaiko Biosferaren Erreserban.

Ibaizabal-Nerbioi itsasadarrean abiatuko dugu gure ibilaldia, Portugaleteko Zubi Esekia (Bizkaia Zubia) bisitatuz. Abraren beste aldean Getxorekin egingo dugu topo, jauregi ugari daude bertan, eta baita Algortako Portu Zaharra ere. Kostaldea zeharkatzen duen paseo dotoreari jarraituz, Sopelanara iritsiko gara eta ondoren Gorlizera, hondartza naturalen jabe biak ere.

Naturguneak, surfa eta hondartza ederrak

Armintza kostako herria bisitatu ondoren, Bakiotik Bermeorako bidean, sekulako parajea izango dugu aurrez aurre: Gaztelugatxe eta Matxitxako lurmuturra. Bermeok, itsasoari lotutako herriak, Bizkaiko kostaldean iparralderen dagoen portua dauka; herri honetan dago Arrantzalearen Museoa ere, baina, Izaroko irla da zonalde honetako lekurik garrantzitsuena.

Kostaldean jarraituz, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbatik igaro eta Mundakara iritsiko gara; itsasoko kirol zale direnentzat erreferentzia nagusia da herri hau, eta surfak hartzen du indarra, batik bat. Sukarrietako hondartzak ere leku paregabea osatzen du, Lagari ongietorria emanez.

Bizkaiko kostaldeko bi herri bitxi aurkituko ditugu ondoren: Elantxobe eta Ea; maldan, bata bestearen gainean, eraikitako etxeek osatzen dute lehena, eta herri txikia baina oso atsegina da bigarrena. Lekeitiora iritsiko gara hurrena, Bizkaiko itsasoko udalerririk ederrenetarikora; hango hondartzak, San Nikolas irlak eta alde zaharrak xarma berezia eskaintzen diote herriari, jende askoren udako herrian bilakatuz Lekeitio. Ondarroan bukatuko dugu kostaldean zeharreko ibilbidea, ezaugarri bereziak dituen arrantzako udalerri ederrean. Bertan biltzen dira alturako euskal arrantzontzi gehienak.
Durangaldeko baserri bat
Barnealdeko eskualdeak
Bizkaiko barnealde maldatsu eta ederrak kondairaz betetako mendi garaiak eta landa giroko haran sakonak ditu. Hango hiru gune nagusiek, Durangaldeak eta Arratiako eta Urduñako haranek, inguru erakargarria osatzen dute, inondik ere. Erdi Aroko hiribilduak eta Arabarekin partekatzen dituzten parke naturalak -Urkiola eta Gorbeia-, esaterako, ikustekoak dira.

Gipuzkoa eta Bilbo Handia lotzen dituen korridorea dugu Durangaldea, eta Bizkaiko eremurik landatarrenaren eta baketsuenaren izaerari eutsi dio. Durangotik Atxondorako tartean, leku eder askoak ezagutuko ditugu Urkiolako parke naturalean barrena bide eta bidezidorrei jarraituta. Inguru horretan Anboto (1.331 m), mendizale asko erakartzen dituen mendi mitikoa, dago zaindari. Hango zokorik ezkutuenean, Mari, Anbotoko dama eta euskal mitologiako jainkosa, bizi da.

Durango herritik bertatik abia gaizteke Urkiolara, hiribildu dotorean Erdi Aroko itxura duen alde zahar historikoa ikusi eta gero. Benetan ikusgarriak dira Durangoko udaletxe errenazentistako fatxada apaintzen duten margoak (napoliar eragina dute) eta Kurutziaga gurutze barrokoa. Elorrio ere herri garrantzitsua dugu eskualdean. Monumentu multzo historiko izendatu dute; izan ere, XVII. eta XVIII. mendeetako armarridun etxe eta jauregi sendo eta ederrak aurkituko ditugu han-hemenka, modu dotorean antolatuta. Herritik kanpo, Berrizerako bidean, Argiñetako nekropolia azpimarratuko dugu. Euskadiko hilobi-monumentu garrantzitsuenetakoa da eta Kristautasunaren aurreko hilobi eta hilarriak ageri dira, kareharriz eginak.

Arratia eta Urduñako haranak

Landa giroko paisaiak gogoko dituztenek eremu paregabeez goza dezakete Arratiako eta Urduñako haranetan, Bizkaiko hegoaldean, hain zuzen. Gorbeia (1.481 m) mendigunean jaiotzen den ibaiak eman dio izena Arratiari. Bizkaiko mendirik garaiena dugu Gorbeia, eta haren inguruan hedatzen da izen bereko parke naturala, azken urteotan oreinaren babesleku bikaina bihurtu den naturgunea. Hainbat udalerritatik sar gaitezke parkera, Zeanuritik, Arteagatik eta Areatzatik, besteak beste. Horietan guztietan, herri arkitekturaren erakusgarri diren baserriak ikus ditzakegu, inguru honetan ohikoa baita etxebizitza mota hori topatzea.

Urduña, bestalde, Bizkaian hiri titulua duen udalerri bakarra da. Arabako lurrez inguratuta, Erdi Aroan Bizkaia eta Gaztela lotzen zituen bideko igarobide garrantzitsua izan zen. Merezi du 1997an monumentu multzo historiko izendatutako alde zaharrean ibiltzea eta, adibidez, Foruen enparantzaren inguruko eraikinak ikustea. Herriaren inguruetan, Salbada mendilerroan barrena mendi-ibilaldiak edota, harkaitzezko hormatzarretatik abiatuta, hegaldiak egin ditzakegu, parapentea edo delta hegala erabilita, noski. Ugariak dira bazter eta txoko liluragarriak, Nerbioi ibaiaren sorburuko arroilak eskaintzen digun paisaia, esaterako.
Urrestietako Juntetxea, Sopuerta
Enkarterri
Bizkaiko mendebaldeko muturrean dago Enkarterri, eta lurralde historikoaren alderik ezezagunena da askorentzat. Hamar udalerrik osatzen duten eskualdea bando-gerren eta dorretxeen lurraldea dugu. Antzinako eraikin askok zutik diraute oraindik ere, eta sorgindutako iraganera egingo dugu bidaia, horiei esker. Eraikin ikusgarriok, basoz eta mendiz betetako haran berdeek eta izaera handiko herriek leku liluragarri bihurtzen dute Enkarterri.

Kadagua ibaiaren ertzean kokatuta, Balmaseda da eskualdeko herri nagusia. Bizkaiko lehen hiribildua erromesen eta merkatarien joan-etorriaren lekuko izan da, eta, egun, Aste Santuan egiten dituzten prozesioek egin dute ezagun. Horrez gainera, herriko kultura ondare oparoa ere nabarmentzekoa da. Plaza nagusian, San Seberino eliza ederra eta arkupedun udaletxe dotorea daude. Arkupe horri Meskita deitzen diote, zutabe asko baititu.

Historia eta natura

Gueñesen, Zallan eta Sopuertan ere monumentu interesgarri asko daude. Landa giroa eta kalekoa uztartzen ditu lehenengoak eta hainbat eraikin eder ditu, Arangoiti eta Estrada jauregiak eta Andra Mari eliza, tartean. Eguzkia deitzen diote eliza horri, portada ikusgarria duelako. Zallan, berriz, Murgatarren jauregia, egun udaletxearen egoitza, aipatuko dugu; Sopuertan, bestetik, Urrestietako Juntetxea bisita dezakegu. Antzina, dorretxe horretan biltzen ziren Enkarterri osatzen zuten 10 errepubliken Batzar Nagusiak.

Halaber, Karrantza Haranera egingo dugu bisitaldia, edertasun paregabeak eskaintzen dituen ingurura. Karpin Abentura Parke Ekologikoan esaterako, Iberiar Penintsulako eta Europako faunaren adierazgarri diren animalia espezieak ikus daitezke. Karrantzako beste edertasunetako bat Pozalaguako haitzuloak dira, grabitateari aurka egiten dioten estalaktita zein estalagmita ikusgarriz jositako kobak.
Mama, Louise Bourgeoisen eskultura, Bilboko Guggenheim Museoaren alboan
Bilbo
Bizkaia lurralde historikoaren ipar-mendebaldean dago Bilbo, Ibaizabal-Nerbioi ibaia itsasoratzen den tokitik oso gertu. Bizkaiko hiriburua izateaz gain, Euskadiko hiri jendetsuena eta industrializatuena da. Mendiz inguratuta dago, Pagasarri, Ganeta, Restaleku, Arnotegi, Artxanda eta Santo Domingo gainen artean.

Denetariko jarduerak egiteko aukera zabala eskaintzen dio Bilbok bisitariari. Erabateko hazkundea bizi du, eta horren erakusgarri dira, besteak beste, Metroa, portua handitzea, gune berdeak ugaritzea, Guggenheim Bilbao Museoa eta Euskalduna Jauregia. Eraldaketa handi horrek, hala ere, ez du ekarri hainbat bazterren xarma galtzea.

Zazpikaleak

Alde zaharra da hiribilduaren bihotza. Zazpikaleak izenaz ezagunagoa dena Bizkaiko hiriburuko merkataritza eta aisiarako gune garrantzitsuenetakoa da. Plazer hutsa da gaur egun bertako kaleetako taberna, jatetxe eta saltoki klasiko eta berritzaileen artean paseatzea.

Handik oso gertu, Areatzako zubiak XIX. mendeko zabalgunearekin lotzen du alde zaharra. Etxe-uharte edo etxadi zabal eta eraikin dotorekoa, Kale Nagusia da horren ardatz nagusia; horren zati handi bat oinezkoentzako gune egin dute, gainera. Merkataritzagune eta banku askoren egoitzak daude bertan. Bizkaiko hiriburua finantza eta zerbitzu hiria ere bada; Bilboko Burtsa (Estatuko finantzen neurgailuetako bat) eta Bilbao Exhibition Centre (mundu-mailako batzar inportanteak hartzen dituena) dira ekonomiaren alorrean Bilbok duen garrantziaren adierazleetako bi. Bestalde, Euskadiko porturik handiena eta garrantzitsuena da Bilbokoa, baita Europako lehenengoetakoa ere.

Hiri abegitsua, plurala eta kosmopolita bihurtuta, Bilbok gero eta turista gehiago hartzen ditu urterik urtera, Aste Nagusian (urteko festa handiena) gehienbat. Abuztuan ospatzen dira hiriko jai nagusiok, eta Mari Jaia izaten da urtero horien arima.
 
BIZKAIA HERRIZ HERRI
Udalerria