euskadi atsegin handiz

euskadi.net

Hasiera

» Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Euskadiri buruz
  4.  
  5. Geografia
EUSKADIRI BURUZ

Contenido no encontrado. Utilice el buscador o escríbanos para mejorar la web.

Edukia ezin da aurkitu. Bilatzailea erabili edo webgunea hobetzeko idatziguzu.

Content not found. Use the search engine or contact us to improve the website.

Information non trouvée. Utilisez la recherche assistée ou écrivez-nous pour améliorer le site.

Seite nicht gefunden. Verwenden Sie die Suche oder schreiben Sie uns um die Website zu verbessern.

 
Ezagutu nahi duzun lurralde historikoa hautatu:
Araba Bizkaia Gipuzkoa
 
ARABA
Euskadi osoari begiratuz gero, Araba lurralde berezia dela ikusiko dugu. Izan ere, berezkoak dituen ezaugarriek Euskal Autonomia Erkidegoko beste lurralde historikoetatik desberdintzen dute. Paisaia ezberdinak biltzen ditu, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez bezala, eta, gainerako lurraldeak isolatuta zeuden garaian Araba igarobidea izan zenez, ondare historiko oparoaren gordailu da egun. Horrez gainera, nekazaritzak pisu handia du lurralde honetan, eta egitura demografikoa eta klima ere bestelakoak dira. Halaber, Arabako Errioxako, hegoaldeko eskualdeko, ardoaren kalitate bikainagatik ere ezagutzen dute askok lurraldea. Horiek dira, hain justu, Arabaren izaera berezia definitzen duten ezaugarriak.

Ibiltarien eta erromesen joan-etorrien lekuko izan dira Arabako lurrak menderik mende. Hortaz, Arabak hainbat herri eta kulturaren eragina jaso du, eta horren adierazgarri dira lurraldean ondare historiko aberats eta garrantzitsua osatzen duten eraikin eta monumentuak. Arrasto historiko anitzen artean, Iruña-Veleiako aztarnategi erromatarra azpimarra dezakegu; bertan, gainera, euskararen jatorriaren inguruko datu berri eta garrantzitsuak aurkitu dituzte oraintsu. Halaber, Arabako Lautada zeharkatzen duen galtzada, mendialdeetan eta hegoaldeko arroetan aurki daitezkeen historiaurreko aztarna ugariak eta Gesaltza Añanako gatzaga zuriak (Euskadiko irudirik harrigarrienetarikoa), goza daitezke, besteak beste.

Hala eta guztiz ere, Gasteiz, Arabako hiriburua, ezin dugu aipatu gabe utzi; Eusko Jaurlaritzak han dauka egoitza eta, hortaz, EAEko administrazio-hiriburua da. Gune berde zabalak, oinezkoentzako kaleak, Erdi Aroko hirigune zaharberritua eta garapen orekatua: ezaugarri horiei esker da Gasteiz egun Europan bizi-kalitaterik onenetakoa eskaintzen duen hirietako bat. Araba osoko biztanleen hiru laurden pasatxo bertan bizi dira; halere, hazkunde hori modu orekatuan jazo da XX. mendean eta, oro har, azken hamarkadotan. Hala, Gasteiz, hiri eroso eta abegitsua, oinezkoen neurrira egindako merkataritza, administrazio eta zerbitzu hiria da.

Naturguneak eta ardoaren kultura

Hiriburua eta herri gutxi batzuk (Laudio, Amurrioý) kenduta, han-hemenka dauden landa giroko herri txikiek osatzen dute Arabako lurraldea. Horri esker eta industrializazio prozesua urria izan dela eta, ongi zaindutako naturgune garrantzitsuak daude. Horien artean, hauek ditugu: Valderejoko parke naturala, Entzia eta Izki naturguneak, Biasteriko aintzirak eta Gorbeia, Urkiola eta Aizkorri, Arabak iparraldeko lurraldeekin partekatzen dituen parke naturalak.

Hala ere, Arabako Errioxa da seguru asko lurralde honetako eskualderik ezagunena. Merezi du Arabako hego muturrean kokatutako ingurune hori ikustea, bertan egiten duten ardo gozoagatik zein hango ondare historiko eta kultural aberatsagatik. Arabako Errioxa ardo onaren sinonimoa da eta harresidun herriek, mahastiek eta ardandegiek marrazten dute hango paisaia. Ardandegi horietako batzuk, gainera, arkitektura lan ikusgarriak dira, Ysios eta Marques de Riscal etxekoak, esate baterako. Santiago Calatrava arkitektoak diseinatu du lehendabizikoa, eta Frank Gehryk bigarrena. Azken horrek, ezinbestean, Guggenheim Bilbao Museoa ekartzen digu gogora.
 
BIZKAIA
Lurralde aurreratu eta modernoa izateagatik da batik bat ezaguna Bizkaia, baina baita tradizioak ondo gordetzen jakin duelako eta kontrastez betetako lurraldea delako ere. Euskadin biztanle dentsitate handiena duen lurraldea da eta Bilbok eta bere inguruak hartzen dute jende gehien. Azpiegitura berriei eta "Guggenheim efektua" delakoari esker, Bizkaiko hiriburuak erabateko hazkundea izan du eta hiri plurala, bizia, kosmopolita eta abegitsua bihurtu da. Halere, ongi gorde du antzinako bazterren xarma.

Gainerakoan, denetarik dugu lurralde honetan, hirigune urbanizatuetan zein izaera landatarra ondo gorde duten eskualdeetan. Batetik, Bizkaiko Meatzaldea nabarmen dezakegu, hainbat hamarkadatan burdina ustiatu duen ingurunea, alegia; jarduera horrek, gainera, aberastasun handiko guneak utzi ditu inguruotan, aztarna industrialak zein meatzari-auzuneak, hala nola Zugaztieta. Bestetik, barnealdeko mendiak, Anboto eta Gorbeia kondairaz beteriko tontor mitikoak tartean, itsasoraino iristen dira, hondartza ederrek eta xarma handiko portuek osatzen duten kostalde malkartsua sortzeko.

Kostalde basatia

150 kilometrotan, urre koloreko 29 hareatza, itsaslabar ikusgarriak eta ingurune natural paregabeak aurki ditzakegu. Muskiztik Ondarroara bitartean, kostaldeko herriek gogo biziz ospatzen dituzte itsasoarekin lotura duten jai eta tradizioak; besteak beste, estropadak, Kaxarranka -Lekeition San Pedro egunean egiten den dantza ezaguna-, eta beste hainbat ohitura bitxi nabarmentzen dira.

Halaber, kostalde inguruan jarraituz gero, lurralde honetako ikurretako batzuk ikusiko ditugu, tartean, Bizkaiko Zubia, Gizateriaren Ondare izendatu duten monumentua, eta Gernika-Lumo, 1937ko bonbardaketa dela eta (ondoren, Picassok koadro ezagunean jaso zuen) balio sinboliko handia duen herria. Horrez gainera, edertasun handiko beste paisaia asko ditu Bizkaiko kostaldeak, besteak beste, Gaztelugatxeko Doniene eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba, hegazti migratzaileen babesleku diren naturgune bikainak.

Barrualdean ere, erakargarri egiten duten ezaugarri asko ditu lurraldeak, Erdi Aroko hiribilduak zein parke naturalak, esaterako. Durangaldeak, Arratiak eta Enkarterrik Bizkaia landatarraren kutsua gordetzen dute oraindik eta, horrez gainera, bisitaria liluratuta utziko duen kultura eta historia ondare aberatsa dute. Durango, Elorrio, Urduña, Balmaseda eta beste udalerri batzuk, haien jauregi, armarridun etxe, harresi eta eliza ederrekin, Bizkaiko arkitekturako altxorrak dira, bisitaria txundituko duten gune paregabeak, hain zuzen.
 
GIPUZKOA
Ametsezko hondartzak, hiribildu monumentalak, mendi ikusgarriz inguratutako hiriak eta kultura zein gastronomia aukera zabala eta oparoa. Gipuzkoa lurralde anitza da eta bertako eskualde bakoitzak bere nortasuna dauka. Kantauri itsasoaren urdinetik barrualdeko naturguneetara, landaguneetatik zein horietatik kilometro gutxira dauden herri industrialetara: hori guztia esparru txiki batean dago, mutur batetik bestera autoz ordubetean egin dezakegun ibilbidean. Izan ere, hedaduraz Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeetan txikiena dugu. Kontrastez beteta, errotuta dauden tradizioak eta teknologia, enpresa eta arte abangoardiaren goreneko maila uztartzen jakin du Gipuzkoak.

Gipuzkoako hiriburua, Donostia, munduko hiririk ederrenetakoa dela diote askok, eta Santa Klara uhartetxoa erdian duen maskor itxurako badia ederra da, zalantzarik gabe, Donostiako irudirik ezagunenetakoa. Itsasoak, mendiek eta Urumea ibaiak bat egiten dute hirigune antolatu horretan, eta etxe dotoreak eta arkitektura modernoko eraikinak nonahi aurki ditzakegu: Kursaal Rafael Moneoren jauregia, kongresu eta kultura ekitaldi askoren eszenatokia, tartean. Bestalde, gastronomia da Donostian eta, oro har, Gipuzkoan, azpimarratu beharreko beste ezaugarrietako bat. Hala, sukaldaritza ona gogoko dutenek gastronomia eskaintza ezin hobea dute lurralde honetan; usain, zapore eta gustu guztien neurrira egina, hain zuzen. Michelin izarrak dituzten jatetxeetatik eta taberna askotako barrak apaintzen dituzten pintxo gozoetatik hasi eta elkarte gastronomiko, azoka, merkatu eta sagardotegietara (azken horiek, Astigarraga, Usurbil eta Hernani inguruan daude batik bat). Gipuzkoan, aukera zabala da oso.

Gipuzkoako kostaldea, oporleku bikaina

86 kilometrotan, erakargarri bihurtzen duten ezaugarri asko ditu Gipuzkoako kostaldeak. Mendebaldeko itsasertzetik jarraituz gero, Zarautz, Getaria eta Mutriku herriak, esaterako, turista askoren opor-leku dira, hondartza, eraikin eta erakargarri kultural zoragarriei esker. Aurrerago, naturak euskal kostaldeko paisaiarik txundigarrienetakoa eskaintzen digu Zumaia eta Deba herrien artean, itsaslabar malkartsuetako formazio geologiko bitxiak, hain zuzen. Ekialdean, berriz, Bidasoa-Txingudi eskualdea topatuko dugu, mugan. Igarobide garrantzitsua izan da inguru hori betidanik, eta horrek eragin nabarmena izan du bi herritan; Hondarribian, harresidun hiribilduan, eta Irunen, merkataritzari lotutako hirian.

Halaber, barnealdean ere ezkutatzen ditu txoko eta bazter ederrak Gipuzkoak. Mendi tontorren babesean eta haran berdeetan barrena ibilbide ugari egiteko aukera du bisitariak, oinez, bizikletaz zein zaldi gainean. Landaguneetan, gainera, euskal kultura eta folklore tradizioak ongi gorde dituzte, baita euskara ere (biztanleriaren gehiengoaren ama hizkuntza dugu).

Aralar mendilerroak eta Txindoki mendi ederrak marrazten dute Goierriko eta Tolosaldeko paisaia, eta landa giroari eutsi dioten herri xarmangarrietan murgilduko gara han. Mendebaldean, Urola eta Deba bailaretan, Gipuzkoako ondare aberatsaren altxorrik preziatuenak topatuko ditugu, arte erromanikoaren, barrokoaren eta abangoardiaren adierazgarri: Antiguako ermita, Zumarragan; Loiolako santutegia, Azpeitian; eta Arantzazu, Aizkorriko Parke Naturalaren magalean.