euskadi atsegin handiz

euskadi.net

Hasiera

» Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
NABARMENTZEKOA...
FANT jaialdiaren kartela
FANT. Bilboko Zinemaldi Fantastikoa
Zinema fantastikoa jaun eta jabe izango da Bilbon. Maiatzaren 8tik 16ra bitartean ospatuko da FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoa. Mundu osoan ekoitzitako genero horretako filmez gainera, jarduera interesgarri anitz ere prestatu dituzte aurtengoan. The Mist (Frank Darabont) pelikularen proiekzioarekin emango diote hasiera jaialdiari. Atal Ofizialean hamar film inguru izango dira ikusgai; horien artean, Diary of the Dead (George A. Romero) eta Wristcutters: A Love Story (Goran Dukic) nabarmendu behar dira. Horrez gainera, hainbat atal desberdin prestatu dituzte: "Fant maisuak", "Zinearen Pozoia", "Fant & Rock", "Fant Lab" eta, nola ez, film laburrei eskainitako atal berezia ("Fant laburrean").

Jaialdiarekin batera jarduera ugari antolatu dituzte aurtengo FANTen: Gore Gore Girls eta Heavy Trash taldeen eta Santi Ibarretxeren kontzertuak, doako master-class hitzaldiak Barrainkua Udal Zentroan eta solasaldiak.
 
NATURA
 
Aizkorri-Aratz Parke Naturala
Aizkorri-Aratz Parke Naturala (ASPARRENA; BARRUNDIA; SAN MILLÁN/DONEMILIAGA; ZALDUONDO; ARETXABALETA; ZEGAMA; ZERAIN; ESKORIATZA; LEGAZPI; OÑATI; LEINTZ-GATZAGA - ARABA; GIPUZKOA)
INFORMAZIOA

Oñatiko Turismo Bulegoa
Telefonoa: 943 783 453

Zegamako Turismo Bulegoa
Telefonoa: 943 802 187

Aguraingo Koadrila
Telefonoa: 945 302 931

Urbiako Fonda
Telefonoa: 943 781 316 - 943 585 030


Aizkorri-Aratz mendilerroak Atlantikoko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroko mendirik garaienak ditu (Aitxuri, 1.551 m). Horiek gailurreria ederra osatzen dute eta erreferente dira euskal mendigoizaleentzat. Duela gutxi izendatu dute parke natural, eta, guztira, 16.000 hektarea ditu naturguneak; 13.000 Gipuzkoan eta 3.000 Araban.

Geologiaren eta paisaiaren ikuspuntutik, bi inguru bereiz daitezke argi eta garbi: batetik, kareharrizko gailur malkartsuak daude, eta oinetan larrez betetako lautadak dituzte, Urbia esaterako. Bestetik, landarediak estaltzen dituen muino eta mendixka silizeoak daude.

Lehenengoen artean dugu Aloña-Aizkorri-Aratz gailurreria. Mendi horiek paisaia ederra marrazten dute, bai Gipuzkoatik bai Arabatik begiratuta. Bigarrenen artean, berriz, Urkilla-Elgeako tontor zapal bezain leunak daude. Arabako Lautadatik osorik ikus daiteke haize-errotez betetako gailurreria.

Oñatitik Arantzazuko Santutegira iritsiko gara. Izen bereko sakanaren gainean dago leku paregabe hori, eta hortik oinez abia gaitezke Urbiako zelaietaraino. Aizkorriko mendilerro garaienaren hegalean daude larre horiek eta ermita eta aterpea topatuko ditugu bertan. Araiatik Aratz (1.443 m) tontorrera igo gaitezke, eta hainbat ibilbide egin ditzakegu bertan. Aretxabaletatik eta Eskoriatzatik, berriz, Kurutzeberri mendira (1.146 m) joateko aukera dugu. Zaraia mendilerroaren mendebaldean dago kareharrizko tontorra.

Aizkorriko naturgunearen mendi-adarretan jaiotzen dira Deba, Urola eta Oria Gipuzkoako ibaiak. Horrez gainera, Arabako isurialdean, Zadorran, eta izen bereko urtegian, eta Arakilen, Nafarroan barneratzen den ibaian, isurtzen dituzte urak Aizkorriko errekastoek.

Kareharrizko mendigune honetan azpimarratzeko modukoak dira fenomeno karstikoak; lapiaz-zelaiak, torkak, dolinak eta hamaika haitzulo, (Leze, esate baterako). Horietako askotan, historiaurreko aztarnategiak eta aztarnategi paleontologikoak aurkitu dituzte: Arrikrutz eta Aizkirrinen, adibidez, lehoi eta leize-hartzaren arrastoak daude. San Adriango tunela ere aipatu behar dugu. Haitzulo naturala da eta, antzina, Gipuzkoa eta Araba lotzen zituen pasabide garrantzitsua zen. Handik igarotzen da erromatarrek egindako galtzada eta Donejakue Bidea. Horrez gainera, aztarnategi, dolmen, tumulu eta monolito asko daude aire librean, eta naturgunearen inguruan ondare historiko eta arkitektoniko bikaina nabarmendu behar da, Arantzazuko Santutegia eta Oñati herria bera, besteak beste.

Fauna

Zuhaitzik gabeko lur-eremu handiak daude eta aziendarako erabiltzen dituzte. Aizkorrin ohikoa da ardi latxak goiko larreetan bazkatzen ikustea, udaberritik udazken bukaera arte. Dena den, parke natural izendatu dutenetik, nekazaritza eta abeltzaintza jardueretan hainbat murrizketa egon litezke.

Bestalde, zerura begiratuz gero, hegazti harrapariak (belatz handia, sai arrea, arrano txikia...) eta baso zein mendietakoak ikus ditzakegu. Garaiera handietan dauden erreka eta urmaeletan hainbat anfibio bizi dira, gailurretako uhandrea horien artean, eta, ugaztunei dagokienez, azpimarratzekoak dira basakatua eta lepahoria, desagertzeko zorian dagoen mustelidoen familiako ugaztun karniboroa.

Flora

Flora aberastasun handia dago naturgunean. Basoetan pagadi kaltzikolak eta azidofiloak, ameztiak eta haritz kandudunak (Urkilla-Elgean, Arabako aldean), kandugabeak eta kaltzikolak aurki daitezke. Horrez gainera, badaude landaredia berezia duten inguruak, Arbarrain (Altzaniako mendiak) esate baterako. Kareharrizko gailurretan eta lapiaz-eremuetan hazten den flora ere aipatzeko modukoa da.

Oharrak

Antolatutako jarduerak: Mendi-ibiliak, kirol-eskalada, ibilbideak bizikletaz, gidatutako bisitak inguruko herrien erdiguneetara. Horrez gainera, naturgunearen Arabako aldean, harpeetako espeleologia, puentinga, parapentea, arroilen jaitsiera, rappela... askotariko jarduerak egin daitezke.

Gau bakar batez kanpa daiteke leku jakin batzuetan. Gau gehiago igaro nahi izanez gero baimena eskatu beharra dago.
 
ARTE ETA KULTURA
Santa Zezilia Abesbatza
Musikegunak OÑATI - GIPUZKOA
Musikegunak egitarauak 30 urte beteko ditu aurten. Hainbat egunez musika klasikoa nagusi izango dago Oñatiko Santa Ana Antzokian. Alosia hirukote euskaldunak eskainiko du lehendabiziko kontzertua maiatzaren 11n. Biolin-jotzaile bat, piano-jotzaile bat eta biolontxelo-jotzaile bat elkarrekin arituko dira Ravelen, Beethovenen eta Turina Perezen piezak gogora ekartzeko.

Aste bat geroago “The Armed Man: Mass for Peace” Karl Jenkins konpositorearen lana eskainiko du Santa Zezilia Abesbatzak. Ignacio Gaztelumendi Donostiako Orfeoiaren kide izandakoak sortu zuen abesbatza ospetsu hori 1928an.

Bestalde, maiatzaren 31n, The Beethoven String Trio hirukoteak Mozarten hari-kuartetoak joko ditu. Egitarauari amaiera bikaina emateko, The Silent Band taldeak zinema mutuaren musika eta Ruberto Chapiren La Revoltosa zarzuelaren pasarteak uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du.
 
GASTRONOMIA
 
Hilabete batez pintxoak jaun eta jabe izango dira Santurtzin
Pintxoaren Hilabetea Santurtzin SANTURTZI - BIZKAIA
Hilabete batez pintxoei omenaldi berezia egingo die Santurtzik. Maiatzeko asteburu guztietan 30 bat jatetxe eta taberna santurtziarretatik ibilbidea egiteko aukera dute bisitariek. Bide batez, mota eta zapore guztietako pintxo bikainak dastatzeko parada izango dute.

Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean egingo duten azokak aparteko aipamena merezi du. Asteburu horretan 20 jatetxetako sukaldariak Santurtziko parkean elkartuko dira; horietako bakoitzak bi pintxo prestatuko ditu lehiaketarako. Diru gutxiren truke, nahi beste pintxo har ditzakete bisitariek. Sukaldari ezagunek osatutako epaimahaiak pintxorik onena sarituko du (1.000 euro eta sardina-saltzaile formako garaikurra), eta bisitariek ere gustukoen duten pintxoa aukeratu ahal izango dute. Sardina-saltzaile formako garaikurraz gainera, 600 euro eskuratuko ditu azken horrek.

Bestalde, Euskal Herria itsasontzian Bilbotik Santurtzira bidaiak antolatu dituzte, honako egunotan: maiatzaren 2an, 4an, 10ean, 11n, 17an, 18an, 24an, 25ean eta 31an eta ekainaren 1ean.
 
IBILBIDEAK
Txindoki mendiaren ikuspegia
Tolosa eta inguruak: Txindoki Bidea (ABALTZISKETA; ALEGIA; AMEZKETA; TOLOSA; ORDIZIA; ZALDIBIA - GIPUZKOA)
Txindoki mendiaren itzalean egingo dugu txangoa. Goierrira bidean, Tolosaldean zehar ibiliko gara, historia handiko herri eta landaguneetan barrena.
HELMUGA HAUTATU
Araba Bizkaia Gipuzkoa
Esparruen arabera ere hautatu dezakezu helmuga
GAURKO EGURALDIA