Euskadi

Web TV

euskadi.net

Hasiera

» Hemen zaude:
  1. Hasiera
Ez da beharrezko Flash plugin-a aurkitu. Flash Player instalatu
 
NABARMENTZEKOA...
Traineruak, lehiatu baino lehen
Kontxako bandera
Kontxako badia zoragarrian milaka lagun elkartzen dira urtero, iraileko lehen bi igandeetan, Donostiako estropadak ikusteko. 130 urte baino gehiago dituen ikuskizun hori 1879an egin zen estreinakoz, Donostiako jaien egitarauaren osagarri gisa.

Aurten irailaren 2an egingo da sailkapen estropada eta hilaren 5ean lehenengo estropada. Hurrengo igandean, irabazleak ohorezko txandan egongo dira, eta, besteek, kontsolazio txandan egingo dute arraun.

Guztiok saihestu ezineko hitzordua izango dugu Donostian: bi igande horietan jai-giroak eta dibertsioak hiriko kale guztiak hartuko dituzte.
 
GASTRONOMIA
Artzain Eguna Legazpin
Artzain Eguna Legazpin LEGAZPI - GIPUZKOA
Urtero bezala, Legazpik Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko du iraileko lehen igandean. Berriro ere egitarau oparoa prestatu dute, eta egun osoan zehar artzain-kultura izango da protagonista nagusi. Egun batzuk lehenago, irailaren 3an, Aitxuri jatetxean "Slow Food" deritzon mugimendua gertutik ezagutu ahalko da: plater desberdinak dastatzen dituzten bitartean, mahaikideek ekoizle, sukaldari eta adituen azalpenak jasoko dituzte.

Ohi legez, Artzain Egunaren baitan lehiaketa ugari antolatu dira. Lehendabizikoa Gipuzkoako Ardi Gaztaren Lehiaketa izango da, eta horren ostean, gazta desberdinak dastatu ahalko dira, gastronomia onaren zaleen gozamenerako. Eguerdian Ardi-haragiaren Gastronomia Lehiaketa egingo dute, eta arratsaldean, ostera, Gipuzkoako Artzain Txakurren Txapelketa. Ardi-haragiz egindako pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera ere izango da. Horrez gainera, ardi-azienda eta artisautza erakusketak egongo dira, eta Gipuzkoako artzain nagusiei eta Ipar Amerikan lan egin zuten artzain euskaldunei omenaldi berezia egingo zaie.

Eguneko egitarauaren barruan honako jarduera hauek ere aurki ditzakegu: argazkilaritza rally bat, enkanteak eta herri-bazkaria Legazpiko zentro sozialean. Anjel Alkain aurkezle eta aktore ezaguna epaile lanetan arituko da eta sari-banaketan parte hartuko du.
 
ARTE ETA KULTURA
Xabi Aburruzaga
Folk Getxo BBK GETXO - BIZKAIA
Folk doinuek Getxoko kaleak hartuko dituzte lau egunez. Izan ere, Folk Getxo BBK jaialdiaren edizio berri bat egingo dute irailaren 9tik 12ra bitartean, eta, urtero bezala, egitaraua zabal-zabala izango da. Areetako Geltoki Plazak hartuko ditu kontzertu nagusiak. Irailaren 9an Oysterband britainiarrak arituko dira; agertoki gainean musika tradizionala, folka eta rocka uztartuko dituzte. Hurrengo egunean, aldiz, marinel-herrira bertaratzen direnek Mahala Raï Banda errumaniarren zuzenekoaz gozatzeko parada izango dute. Talde horrek musika mota desberdinak nahasten ditu, hala nola, ska, reggaea eta funka. Hilaren 11n hainbat sari garrantzitsu (tartean, hiruzpalau Grammy) eskuratu izan dituen Ladysmith Black Mambazo Hego Afrikako talde ospetsuak kontzertua eskainiko du. Egun bat geroago Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarrak Denboraren naufrago bere azken lana aurkeztuko du, hainbat artista ospetsu lagun dituela.

Horrez gainera, ohi legez, arratsaldero oso ospetsuak ez diren taldeak ezagutzeko aukera izango da. "Munduko Terraza" deritzon atalaren barruan artista eta talde hasiberriak arituko dira, eta Areetako Andres Isasi musika-eskolako bandak kontzertu didaktiko bat eskainiko du etxeko txikienen gozamenerako. Emanaldi horiek guztiak Erromoko Santa Eugenia plazan izango dira ikusgai.

Bavariatik, Eskoziatik eta Estatutik etorritako bandak arduratuko dira Getxoko kaleak girotzeaz.
 
NATURA
Entzia mendizerra
Entzia mendizerra (ASPARRENA; ARRAIA-MAEZTU; SALVATIERRA/AGURAIN; SAN MILLÁN/DONEMILIAGA; HARANA/VALLE DE ARANA - ARABA)
Nafarroako Urbasa mendizerraren mendebaldean hazten da Entzia mendizerra. 4.991,4 hektareako eremu natural hau Arabako ipar-ekialdeko mugan dago eta oso erraza da bisitatzen. Horren zatirik handiena goi-lautada da eta hegoaldetik zein iparraldetik bat-bateko jausia du Arabako Lautadara batetik eta Haranera bestetik.

Iruña eta Gasteiz lotzen dituen autobidetik (Araba eta Nafarroa artean) Legunbe (1.127 m), Ballo (1.197 m) eta Arrigorrista (1.143 m) tontorren kareharrizko gailurreria izugarri eta zorrotzak ikus daitezke. Agurainen, Opakuako mendatera doan saihesbidea hartuko dugu eta erkametz eta pago basoen artean joango gara gora. Horrela, azkar iritsiko gara 1.000 metroko altitudera, goi-lautadara; larreak, txilar eta orre sasiak eta pagadi bikainak aurkituko ditugu bertan.

Zonalde hau Opakuako mendateak zeharkatzen du, eta saihesbide bat du lautadaren erdian (Iturrieta); bide horrek Erroitegi eta Erroeta herrixketara (Arabako garaienak) eramango gaitu. Handik hurbil, Igoroin troka sakona bisita dezakegu. Musitu ibaiak zulatutako troka honek erkametzez beteriko basoak ditu hegaletan. Trokan bertan Igoroin herri zaharraren (Laminoria haranean zegoen) hondarrak aurkituko ditugu.

Ibilbidearen beste adar batetik Santa Teodosiaren (1.060 m) ermitara iritsiko gara. Lizar ederrak (horietako bat zuhaitz berezi gisa katalogatu dute) dituen parke bat dago handik hurbil. Opakuako mendateko errepide nagusitik beherantz jarraituta Kontrastara eta Entziako hegoaldeko gailurren (Murube, San Kristobal eta Abitigarra) eta Lokiz gailurreriaren artean dagoen haranera iritsiko gara.

Goi-lautadaren sarbide errazak eta gailurretatik ikus daitezkeen bista ikusgarriek mendizale anitz erakartzen dituzte. Izan ere, oinez nahiz mendiko bizikletaz ibilbide ugari egiteko aukera dago. Paisaia ederraz gozatzeaz gainera, historiaurreko hondarrak (monolitoak, harrespilak, dolmenak, tumuluak, haitzuloetan edo kanpoan dauden aztarnategiak...), artzain-tradizioaren erakusgarriak, ikusi ahalko ditugu. Balio handiko monumentu megalitikoak dira, bai euren tamainagatik bai kontserbazio-egoera onagatik, eta Sorginetxe eta Egileor dolmenak, Mendiluzeko harrespila eta Itaidako menhirra dira ezagunenak.

Oharrak

Inguru Abentura enpresak natur gune honetan ongi pasatzeko aukera eskaintzen digu hainbat kirol praktikatuz: amildegi-jaitsiera, ibilbideak mendiko bizikletan, eskalada, rappela, zubi-jauzia, espeleologia, mendi-ibiliak, ibiliak zaldiz, ibiliak hegazkin-txikiz, piraguismoa, bi lagunentzako parapentea... Informazio gehiago jasotzeko, Inguru Abentura enpresara deitu. Tel.: 635 748 947 edo 635 748 948.
 
IBILBIDEAK
Arabako hiriburuko alde zaharraren ikuspegia airetik
Gasteizko Erdi Aroko "almendra" (VITORIA-GASTEIZ - ARABA)
Erdi Aroko erdigune historikoa ongi gordetzen jakin du Gasteizek. Obalo itxurako alde zaharra monumentu multzo izendatu zuten 1997an. Erdiguneko kaleetan barrena, Erdi Aroko eta Errenazimendu garaiko hamaika eraikin eder ikusteko parada du bisitariak. Garai batean egin zituzten bezala daude gaur egun, eta gehienak museoak eta kultur etxeak dira.
 
HELMUGA HAUTATU
Araba Bizkaia Gipuzkoa
Esparruen arabera ere hautatu dezakezu helmuga
Bilbao
18º/25º
Vitoria
Gasteiz
17º/26º
Donostia
San Sebastian
18º/25º