Euskaldunak historian
Historian zehar, ezagunak egin diren hainbat pertsonaia euskaldunak dira; Joan Sebastian Elkano, munduari buelta eman zion lehen itsasgizona; Urdaneta eta Legazpi, Mexiko eta Filipinen artean Ozeano Baretik itsasbidea zabaltzen aitzindariak; Joan Garai, Buenos Aires hiriaren sortzailea; Simon Bolibar, Venezuelako askatzailea; Loiolako San Inazio, Jesusen Lagundiaren sortzailea, eta Frantzisko Vitoria, nazioarteko zuzenbidearen bultzatzailea, besteak beste.
Izen handiko pertsonaia horien antzera, beste euskaldun batzuek ere, gehienak arrantzale xumeak, euskal toki-izenen eta teilen arrastoak utzi zituzten Ternuan eta Kanadan; beste batzuek, berriz, arrantzatzeko kalak topatu zituzten Groenlandian, Islandian edo Spitzbergen, ziurrenik Kolonek Amerika ofizialki aurkitu aurretik.
Edonola ere, euskaldunek goitik behera menperatu dituzte nabigazio-teknikak, eta Londres, Bristol, Brujas, Anberes, Nantes, Arroxela, Hamburg, Lübeck eta beste hainbat hirirekin merkataritza-bide garrantzitsuak ireki zituzten, kanpoko eraginez osatzen den euskal espiritu saiatuaren erakusgarri.
Espiritu ireki horri esker, euskaldunek ospe handiko industriak eta banketxeak sortu dituzte. Euskadi geografikoki ongi kokatuta dago eta horri bide, trenbide, aire eta itsas azpiegitura sare modernoa gaineratu behar zaio. Ezaugarri horiek guztiek ahalbidetu dute gurean etengabeko garapen sozio-ekonomikoa, Euskadi etorkizuna duen herrialdea bilakatuz.