Aurrera doan herria
Euskadi indar handiko herrialdea da, historiari, kulturari eta ekonomiari dagokionez, eta hori gizarteak duen talde sentimendu sendoari eta norbanakoak duen ekimenerako gaitasunari esker lortu du. Estatu Espainiarra osatzen duten 17 erkidegoetatik bat dugu. 1979. urtean onartu zuten Gernikako Estatutuaren baitan antolatzen da eta erakunde propioak ditu: Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarra.
Ezaugarri kultural, ekonomiko, industrial eta fiskal bereziak ditu Euskadik. Autogobernu maila handia du, eta, hala, Jaurlaritzak ekimen publiko gehienetan eskuduntzak ditu, Hezkuntzan, Kulturan, Osasunean, Lan arloan, Ingurugiroan eta Ekonomian, esate baterako. Historikoki gainera, Erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeetan zergak biltzeko ahalmena du. Kontzertu ekonomikoa da, hain zuzen, autogobernuaren euskarrietako bat. Euskadik berezko ogasuna du, eta, era berean, diru kopuru bat edo "Kupoa" ordaindu behar dio Estatuari azken honek eskaintzen dizkion zerbitzuen truke.
Sendotasun ekonomikoa
Euskadiko ekonomia nabarmen hazi da azken hamarkada honetan eta horren erakusgarri da Barne Produktu Gordinaren bilakaera: 1990ean biztanleko %89,6koa zen eta 2005ean, berriz, %125,6koa. Hori dela eta, erosteko ahalmenari dagokionez, Euskadi errenta handieneko hiru herrialdeen artean dago Europako Batasunean.
Industriaren sektoreak pisu handia du ekonomian eta horrek egiten du hain sendo. Euskadin, BPGren %38,18 industriari eta eraikuntzari dagokio, eta, arlo horretan, Europako Batasuneko herrialdeen batezbestekoa %26,41ekoa da. Industriak tradizio handia du gurean, eta, hala, euskal industria oso lehiakorra da nazioartean. Geroz eta partaidetza handiagoa du kanpoko merkatuetan, Europakoan, batez ere.
Industria arloan garatutako politikak, inbertsio pizgarriek eta kalitatea hobetzeko laguntzek, berrikuntzek eta teknologiak eragin zuzena izan dute egungo lehiakortasun maila lortzeko. Horri beste hainbat datu gehitu behar zaizkio: zerbitzuen sektorearen hazkundea (BPGren %60,80 dagokio), finantza arloaren sendotasuna (Bilboko Burtsa da horren adierazgarri), komertzioaren modernizazioa (Bilbao Exhibition Centre, BEC, azpimarratuko dugu) eta turismoaren gorakada (2006an, 2.007.548 bidaiari etorri ziren Euskadira).
|
| Azken eguneratzea: 2008/03/11 |
|