Estilo gotiko berantiarreko etsenplu bikaina da Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratze parrokia. Egungo tenplua XV. mendean eraiki zen eta eliza zaharrago erromaniko baten ordezkoa da.
Ondoren, eraldatze prozesu sakona bizi zuen elizak XIX. mendean (Pascual Abaroak ordainduta), eta ordutik, sakristia berria, girola eta arkupe handia ditu elizak, gotiko estilokoak guztiak ere. Eraberritze honen ondotik, basilika titulua jaso zuen.
Gainera, interes handiko museo arkitektoniko zein ikonografikoa da Andra Mariaren Zeruratzea eliza, izan ere, kanpotik zein barrutik, artelan ikusgarria osatzen du. Aldare nagusiko erretaula azpimarratu dezakegu barruan; oraintsu eraberritu dute erretaula eta gotiko-flandestar estilokoa da, polikromatua eta urreztatua. Halaber, bere neurri zein polikromiagatik, Bizkaiko erretaula garrantzitsuena da eta penintsulako garrantzitsuenetakoa. Bestalde, irudi bilduma baliotsua dauka elizak girolan.
Elizako beste elementu preziatu batzuk organoa eta harmoniuma dira, biak neogotikoak. Cavaile Coll estilokoa da organoa, Jose Javier de Uribarrenek 1854an hiribilduari emana.
Monumentu mota: Basilika.
Estilo artistikoa: Gotiko berantiarra.
Aroa: XV. mendea.
Jarduerak: Itxas Soinua Nazioarteko Jaialdiaren kontzertuak Lekeitioko parrokia-elizan egiten dira, abuztuan.
Aparkalekua: Aparkatzeko hainbat gune daude elizaren inguruetan.
MUSEOAK
Euskal Herriko Gastronomia Museoa
LAUDIO/LLODIO - ARABA
Laudio, Aiarako koadrila, Araba
Euskal Herriko Gastronomia Museoan sukaldaritzaren esparru ezberdinak jorratzen dituzte, etxe-mailan eta sukaldaritza profesionalean ere. Garai guztietako sukaldeak eta jakien prestaketa hobetzeko makina ugari daude ikusgai. Makina horiekin batera, sukaldariak, gozogileak eta zerbitzariak ageri dira jantzi tipikoak dituztela. Gainera, euskal sukaldari nabarmenenen berri ematen dute, baita gastronomia elkarteen eta kofradia gastronomikoen berri ere. Gastronomia arloko bibliografia zabala eta mundu guztiko jatetxeen karta-bilduma daude museoan.
SARRERA DOAN
Bildumak: Egurrezko labea, sukalde ekonomikoa eta bitrozeramika modernoa; jatetxe bateko sukaldearen erreprodukzioa, gozogintzako mostradorea eta sukaldariak euren jantziekin; Euskal Herriko jatetxe onenen emariak, ongi atondutako mahaia eta alboan zerbitzariak; mundu guztiko jatetxeetako karta-bilduma; Kofradia Gastronomiko bakoitzaren historia eta jantziak; eta Laudioko San Roque kofradiak (1599) oparitutako objektuak.
Erakusketa ibiltariak: Webgunean kontsultatu.
Erakusketa iraunkorrak: Sukaldaritza eta gastronomia elkarteen historiari buruzko erakusketa.
Programazioa: Sukaldaritza ikastaroak, erakustaldi gastronomikoak, hitzaldiak eta dastatzeak.
JAIALDI NAGUSIAK
Begibistan. Amurrioko II. Zinema Astea
AMURRIO -
ARABA
Maiatzaren 19tik 25era bitartean ospatuko dute Begibistan Amurrioko Zinema Astearen bigarren edizioa. Gure inguruko zinemagileek egindako formatu txikiko zinema proposamenak aurkeztuko dituzte bertan. 72 film labur eta 2 film luze proiektatuko dituzte aurten. Lan horietako 20 (Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan ekoitzitakoak) Sail Ofizialean lehiatuko dira, eta hilaren 22an eta 23an Amurrio Antzokian ikusgai izango dira, 20:00etatik aurrera.
Jaialdiari hasiera emateko musika eskolako irakasle eta ikasleek hainbat pelikuletako kantekin kontzertua eskainiko dute. Hurrengo egunetan askotariko jarduerak prestatu dituzte: futbolaren inguruko filmak biltzen dituen zikloa, Zaragozako Jaialdian irabazle suertatu diren lanen proiekzioa, Alemaniako film labur onenei eskainitako zikloa eta film labur bitxienak biltzen dituen Freakybistan atala. Horrez gainera, eskoletako ikasleek Kimuak programa ospetsuko lanetako batzuk ikusteko parada izango dute.
Maiatzaren 24an banatuko dituzte sariak, Gurutze Beitiak aurkeztutako ekitaldi berezian.