euskadi atsegin handiz

euskadi.net

Hasiera

» Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Natura
  4.  
  5. Naturguneak
NATURA
 
NATURGUNEAK
Lautada zabalak, mendiguneak, baso berdeak, itsaslabar ikusgarriak, padura aberatsak eta hondartza lasaigarriak. Naturguneak atsegin dituztenek hamaika leku ezagutzeko parada izango dute Euskadira etorriz gero. Paisaiaren aniztasuna eta edertasuna agerikoak dira han-hemenka, eta ez bakarrik eremu babestu izendatu dituzten guneetan. Hala, bisitariak zenbait naturgune eta ekosistema topatuko ditu hiriguneetatik oso hurbil. Izan ere, Euskadin, natura zibilizaziotik pauso batera dago.
 
NABARMENTZEKOA...
EAEn dagoen granitozko mendigune bakarra da Aiako Harria
Aiako Harria Parke Naturala
Urumea eta Bidasoa ibaien artean mendigune handi bat ageri da: Aiako Harria (6.913 ha). Gipuzkoako ekialdean, Pirinioetako mendi-adarrean, dago eta 1995ean Parke Natural izendatu zuten inguru paregabe hori. Garaiera handia izan ez arren (837 metro), mendigunearen silueta berezia nabarmen ikusten da nonahitik, kostaldetik oso hurbil dagoelako (10 bat kilometrora, lerro zuzena eginda).

Horrez gainera, interes geologiko handiko naturgunea da Euskadin dagoen granitozko mendigune bakarra. Gainera, lur horiek gure herriko zaharrenak dira, primario edo paleozoiko garaikoak, hain zuzen.

Sakan, aldapa eta ur-jauzi ikusgarriek marrazten duten paisaian hiru tontor gailentzen dira: Irumugarrieta (806 m), Txurrumurru (821 m) eta Erroilbide (837 m). Ongi zehaztutako hainbat ibilbidek hiru gailur horietara eramango gaituzte. Mendizaleek Aritxulegi muinotik barrena doan bidea erabiltzen dute gehien.

Gainaldetik, paisaia ederra ikus daiteke: kostaldea eta Txingudiko Badia, uretako hegaztien migrazio bidean garrantzitsua den ingurua; Hondarribia (eta bere alde zaharra), Irun eta Hendaia herriak; Jaizkibel mendia eta Guadalupeko santutegia; Oiartzungo harana... Hegoaldera, berriz, Nafarroarekin muga egiten duten gailur eta mendixkak (Aritxulegi, Bianditz, Aldura, Urdaburu...) zabaltzen dira.

Aiako Harriko tontor nagusietatik jaisten, errekek denboraren joan-etorrian zizelkatutako sakanak aurkituko ditugu. Horien artean, Aiztondokoa nabarmentzeko modukoa da; izan ere, 100 metroko ur-jauzi ikusgarria du. Endara trokartea ere ederra da oso, hariztiz osatutako basoek inguratzen baitute.

Arditurriko antzinako meatzeak

Mendigune honetan, solidotutako magmaz osatutako arroka-masa handi horren barruan, hainbat metalen betak daude. Zain horiek antzinatik ustiatu dituzte; batzuk, erromatarren garaitik. Hori dela eta, mendigunearen barruko aldean zulo eta galeria asko daude; besteak beste, 15-18 kilometroko tunela dagoela uste dute. Arditurriko meatzean (Oiartzun) esaterako, Parkearen interpretazio zentro bat egitea eta meatzeko zati bat publikoari zabaltzea aurreikusten dute.

Arditurriko bide berdea meatze honetaraino iristen da, antzina Pasaiako portua eta meatzeok lotzen zituen trenaren ibilbideari jarraituz. 10 kilometro ditu guztira eta oinezkoentzat, bizikletazaleentzat eta urritasunen bat dutenentzat egokituta dago.

Historiaurreko aztarnategiak

Aiako Harrira iristeko, Pikoketatik barrena doan bidea erabiltzen da gehien, Oiartzun eta Irun herrietatik abiatuta. Oiartzundik, Bianditz gainera, Parke Naturalaren erdigunera, ere irits gaitezke. Inguru horretan, gainera, ugariak dira monumentu megalitikoak: cromlechak, dolmenak eta tumuluak aurkitu dituzte bertan. Parkeko beste toki batean, Aizpitartean, ere historiaurreko zenbait aztarnategi topatu dituzte hainbat haitzulotan.

Oharrak

Arritxuloko aterpetxearen inguruetan kanpa daiteke, baina baimena eskatu behar da horretarako.

Antolatutako jarduerak: kirol-eskalada, arroilen jaitsiera, mendi-ibiliak, ibilbideak bizikletaz, gidatutako bisitak...

Bestelako zerbitzuak:
-Babeslekuz, mahaiz, iturriz, erretokiz eta beste hainbat zerbitzuz hornitutako
aisiarako 16 gune.
-Naturaren aretoak Artikutzan, Ibarlan eta Santiagomendin.
 
Naturguneren bat bilatu nahi duzun lurralde historikoa hautatu
Araba Bizkaia Gipuzkoa