X
X
G2
Aizkorri-Aratz Parke Naturala
Bidaia-koadernoari erantsi
Urbiako zelaiak
NON DAGO?
Egin klik mapan handiago ikusteko
Aizkorri-Aratz Parke Naturala
ARABA; GIPUZKOA
INFORMAZIOA

Oñatiko Turismo Bulegoa
Telefonoa: 943 783 453

Zegamako Turismo Bulegoa
Telefonoa: 943 802 187

Aguraingo Koadrila
Telefonoa: 945 302 931

Urbiako Fonda
Telefonoa: 943 781 316 - 943 585 030


Aizkorri-Aratz mendilerroak Atlantikoko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroko mendirik garaienak ditu (Aitxuri, 1.551 m). Horiek gailurreria ederra osatzen dute eta erreferente dira euskal mendigoizaleentzat. Duela gutxi izendatu dute parke natural, eta, guztira, 16.000 hektarea ditu naturguneak; 13.000 Gipuzkoan eta 3.000 Araban.

Geologiaren eta paisaiaren ikuspuntutik, bi inguru bereiz daitezke argi eta garbi: batetik, kareharrizko gailur malkartsuak daude, eta oinetan larrez betetako lautadak dituzte, Urbia esaterako. Bestetik, landarediak estaltzen dituen muino eta mendixka silizeoak daude.

Lehenengoen artean dugu Aloña-Aizkorri-Aratz gailurreria. Mendi horiek paisaia ederra marrazten dute, bai Gipuzkoatik bai Arabatik begiratuta. Bigarrenen artean, berriz, Urkilla-Elgeako tontor zapal bezain leunak daude. Arabako Lautadatik osorik ikus daiteke haize-errotez betetako gailurreria.

Oñatitik Arantzazuko Santutegira iritsiko gara. Izen bereko sakanaren gainean dago leku paregabe hori, eta hortik oinez abia gaitezke Urbiako zelaietaraino. Aizkorriko mendilerro garaienaren hegalean daude larre horiek eta ermita eta aterpea topatuko ditugu bertan. Araiatik Aratz (1.443 m) tontorrera igo gaitezke, eta hainbat ibilbide egin ditzakegu bertan. Aretxabaletatik eta Eskoriatzatik, berriz, Kurutzeberri mendira (1.146 m) joateko aukera dugu. Zaraia mendilerroaren mendebaldean dago kareharrizko tontorra.

Aizkorriko naturgunearen mendi-adarretan jaiotzen dira Deba, Urola eta Oria Gipuzkoako ibaiak. Horrez gainera, Arabako isurialdean, Zadorran, eta izen bereko urtegian, eta Arakilen, Nafarroan barneratzen den ibaian, isurtzen dituzte urak Aizkorriko errekastoek.

Kareharrizko mendigune honetan azpimarratzeko modukoak dira fenomeno karstikoak; lapiaz-zelaiak, torkak, dolinak eta hamaika haitzulo, (Leze, esate baterako). Horietako askotan, historiaurreko aztarnategiak eta aztarnategi paleontologikoak aurkitu dituzte: Arrikrutz eta Aizkirrinen, adibidez, lehoi eta leize-hartzaren arrastoak daude. San Adriango tunela ere aipatu behar dugu. Haitzulo naturala da eta, antzina, Gipuzkoa eta Araba lotzen zituen pasabide garrantzitsua zen. Handik igarotzen da erromatarrek egindako galtzada eta Donejakue Bidea. Horrez gainera, aztarnategi, dolmen, tumulu eta monolito asko daude aire librean, eta naturgunearen inguruan ondare historiko eta arkitektoniko bikaina nabarmendu behar da, Arantzazuko Santutegia eta Oñati herria bera, besteak beste.

Fauna

Zuhaitzik gabeko lur-eremu handiak daude eta aziendarako erabiltzen dituzte. Aizkorrin ohikoa da ardi latxak goiko larreetan bazkatzen ikustea, udaberritik udazken bukaera arte. Dena den, parke natural izendatu dutenetik, nekazaritza eta abeltzaintza jardueretan hainbat murrizketa egon litezke.

Bestalde, zerura begiratuz gero, hegazti harrapariak (belatz handia, sai arrea, arrano txikia...) eta baso zein mendietakoak ikus ditzakegu. Garaiera handietan dauden erreka eta urmaeletan hainbat anfibio bizi dira, gailurretako uhandrea horien artean, eta, ugaztunei dagokienez, azpimarratzekoak dira basakatua eta lepahoria, desagertzeko zorian dagoen mustelidoen familiako ugaztun karniboroa.

Flora

Flora aberastasun handia dago naturgunean. Basoetan pagadi kaltzikolak eta azidofiloak, ameztiak eta haritz kandudunak (Urkilla-Elgean, Arabako aldean), kandugabeak eta kaltzikolak aurki daitezke. Horrez gainera, badaude landaredia berezia duten inguruak, Arbarrain (Altzaniako mendiak) esate baterako. Kareharrizko gailurretan eta lapiaz-eremuetan hazten den flora ere aipatzeko modukoa da.

Oharrak

Antolatutako jarduerak: Mendi-ibiliak, kirol-eskalada, ibilbideak bizikletaz, gidatutako bisitak inguruko herrien erdiguneetara. Horrez gainera, naturgunearen Arabako aldean, harpeetako espeleologia, puentinga, parapentea, arroilen jaitsiera, rappela... askotariko jarduerak egin daitezke.

Gau bakar batez kanpa daiteke leku jakin batzuetan. Gau gehiago igaro nahi izanez gero baimena eskatu beharra dago.
ZERBITZUAK
Mahai eta aulkiak daude
Barbakoa
Taberna
Cuevas_eu
Basozaina
Monumentu
Behatokia
Berezko parkinga
Arrantza baimenduta
Jatetxea
Kirol eta gimnasia ibilbidea dagoela adierazten du
NOLA IRITSI

Errepidez: N-1 errepidetik, Altsasura edota Idiazabalgo irteerara heldu eta GI-2637 bidea hartuko dugu Zegamara bidean, Otzaurte gainera iristeko. Oñatitik berriz, Arantzazura (8 km) joango gara eta handik, oinez, Urbiako zelaietara.

Arabatik, ostera, A-3012 bidea hartuta, hainbat dira Parkearen hegoaldera sartzeko aukera ematen duten herriak: Egino, Marieta, Araia, Zalduondo...

Aparkalekua: Arantzazuko Santutegian aparkaleku handia dago autoentzat eta autobusentzat. Otzaurte gainean eta Parkearen hegoaldean dauden hainbat herritan ere badaude autoa uzteko tokiak.

Aisialdirako gunea
Barbakoa
Taberna
Cuevas_eu
Basozaina
Monumentu
Behatokia
Parkinga
Arrantza
Jatetxea
Kirol eta gimnasia ibilbidea
© 2008 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco