G2
Urkiolako Parke Naturala
Bidaia koadernoan sartu
Anboto (1.330 m) mendiaren gailur mitikoa
Anboto (1.330 m) mendiaren gailur mitikoa
Non dago?
Egin klik mapan handiago ikusteko
Fitxa teknikoa
Sailkapena:
Parke naturala
Informazioa:
Toki Alai baserria (Informazio Gunea)
Urkiola auzoa
ABADIÑO
Telefonoa: 946 814 155
E-mail: tokialai@terra.es; espacios.naturales.protegidos@bizkaia.net
http://www.urkiola.net

Eskalada eskola dago naturgunean.

Kirol-eskalada, rappel, mendi-ibiliak, bizikleta-irteerak, espeleologia...mota horretako kirol jarduerak egin daitezke. Horrez gainera, Parkean bisita gidatuak antolatzen dituzte. Informazio gehiago nahi izanez gero deitu interpretazio zentrora: 946 814 155
Datu interesgarriak:
Cuevas_euMonumentuKanpaldia egiteko debekua
Zerbitzuak
Mahai eta aulkiak daudeBarbakoaTabernaBasozainaHaur-instalazioakBehatokiaBerezko parkingaJatetxeaKirol eta gimnasia ibilbidea dagoela adierazten du
Atlantikoko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroa osatzen duten mendien erdialdean dago Urkiolako Parke Naturala (5.955 Ha), eta Aramotz mendilerroaren goiko aldeko lur eremuak hartzen ditu. Durangaldea eta Arratia Bizkaiko ibarrek eta Aramaio Arabako haranak inguratzen dute naturgune paregabe hori.

Parke Naturalean dagoen mendateari eta gainean bertan San Antonio Abadearen eta San Antonio Paduakoaren omenez eraiki zuten santutegiari zor dio izena Urkiolak. Erromes ugari joan ohi da Parkearen bihotzean dagoen santutegira. Etimologiari dagokionez, Urkiola toponimoa "urki" izenetik dator eta, hala, zuhaitz mota hori nonahi aurki daiteke bertan.

Mendizaletasuna, eskalada eta historiaurreko aztarnategiak

Parke Naturalak hainbat mendizerra eta kareharrizko haitz zuri handiak ditu, eta tartean sakanak eta haran sakonak ageri dira: Aramotz, Eskubaratz, Anboto-Alluitz, Arangi... Mendizale ugari joan ohi da Urkiolako mendien edertasunak erakarrita. Dena den, duda barik, Anbotok (1.330 m), Urkiolako mendirik garaienak, erakartzen du mendizale gehien. Ausartenak Mari sorginaren kobazulora irits daitezke, mendiaren iparraldeko hormatik abiatuta. Espeleologia gustuko dutenek beste leize batzuk ere topatuko dituzte: Askondo, Baltzola, A-1, Abaro–Jentilzubi sistema eta Larrano edo Urrekazulo.

Kirol-eskalada gustuko dutenek, berriz, aukera paregabea dute inguru horretako haitz malkarretan, Astxikin, Urrestein eta Alluitzen esaterako. Gaur egun, Euskadiko eskalada eskola garrantzitsuenetariko bat Atxarten dago, eskalatzeko zailak eta errazak diren 400 bide baino gehiago dituela.

Horrez gainera, historiaurreko hainbat leize eta aztarnategi topatu dituzte inguru karstiko horretan, Axlorko "babeslekua" eta Bolinkoba, esate baterako. Horietan, Erdi Paleolitoko animalien zein gizakien aztarna asko (harpeetako hartza, elur-oreina, zaldia eta Axlorko arbasoen hortz-haginak) aurkitu dituzte, baita historiaurreko gizakiek ehizatzeko erabiltzen zituzten tresnak ere. Gaur egun, gizakiak artzaintzan (latxa ardiak, behorrak eta behiak) eta basogintzan dihardu inguru horretan.

Bestalde, naturgunean hainbat ibilbide egin daitezke, eta, horrez gainera, aisialdirako zenbait gune daude. Debekatuta dago Parkean kanpatzea, baina Urkiolako santutegiaren ondoan bi aterpe daude, bertan lo egin ahal izateko.

Oharrak

Urkiolako gainaren inguruan Toki Alai Interpretazio-Zentroa dago, eta bertan Parkeko naturaren eta kulturaren ezaugarriei buruzko erakusketa iraunkorra aurki dezakegu. Eraikina pertsona ezinduentzat egokituta dago, gainera. Hara joatea gomendagarria izan daiteke, paisaia hobeto interpretatzen lagunduko digulako.

Eskalada eskola dago naturgunean.

Kirol-eskalada, rappel, mendi-ibiliak, bizikleta-irteerak, espeleologia... mota horretako kirol jarduerak egin daitezke. Horrez gainera, Parkean bisita gidatuak antolatzen dituzte.
Fauna
Artzaintzak tradizio handia du Urkiolako Parke Naturalean. Hortaz, ohikoa da bertako larre eta zelaietan ardi latxak ikustea, behorrekin eta behiekin batera.

Hegaztien artean, berriz, haitzetan zein basoetan bizi diren harrapariak nabarmendu behar ditugu: sai arrea, sai zuria, belatz handia, mendi-tuntuna eta harkaitz-zozo gorria, batetik, eta aztorea, gabiraia, erlatxori europarra, belatza eta sugezale europarra, bestetik. Ugaztun haragijaleei dagokienez, lepazuria, ipurtatsa eta basakatua topa ditzakegu Urkiolako basoetan barrena.

Bitxikeriatzat kontatzen dutenez, euskal mendietako azken hartza Urkiolan hil omen zuten XIX. mendean. Dena den, ez dakite hartz basatia zen edo animaliak, gatibu egon ondoren, ihes egin ote zuen.
Flora
Epe laburrean botatzeko asmoz landatutako konifero-sailek azalera handiak hartzen dituzten arren, pagadi zabalak ere badaude oraindik, Arangio, Eskubaratz eta Urkiolamendin, esaterako. Kantabriako artadiak ere toki azpimarragarria dauka Urkiolan, eta, ohi bezala, mendi-hegal harritsuak eta lehorrak estaltzen ditu. Zuhaitz mota hori Urkiolako mendatea Mañaria aldetik igota ikusiko dugu.

Inguru horretan, Limodorum abortuvum orkideoa ere hazten da. Ez da ohikoa lore mota hori Euskal Herrian aurkitzea; are gutxiago, hain iparraldean.

Bestalde, haitzetako flora, pitzaduretan eta zartaduretan errotzen dena, interes handikoa da. Espezie asko azpimarra ditzakegu, baina hiru nabarmenduko ditugu: Aquilegia pyrenaica, Anemone pavoniana eta Androsace villosa. Horrez gainera, zohikaztegietan bakarrik hazten diren landareak aipatu behar ditugu. Leku horietan, uraren jarioa geldoa da eta lur azala busti-bustita egon ohi da; beraz, Eriophorum angustifolium eta Rhynchospora alba landareak topa ditzakegu, besteak beste, horrelako inguruetan.
Nola iritsi
Sarbidea: Bilbotik eta Donostiatik, A-8 autobidea edo N-634 errepidea Durangoraino eta gero, handik, BI-623ari jarraitu Urkiolako gainera bidean. Gasteiztik, N-240a hartu Legutianora arte eta ondoren, A-623a Urkiola gaineraino, Otxandiotik igarota.
Garraio publikoa: Gasteiz-Durango ibilbidea egiten duen autobusak (Continental Auto, S.A.) Urkiolako gainean geltokia du.
Aparkalekua: Urkiolako gainean, santutegiaren eta Toki Alai Interpretazio Zentroaren alboan, autoa utz daiteke. Handik 200 metrora, Otxandiora bidean, aparkaleku handia dago.
Zerbitzu gehiago
Aisialdirako gunea
Barbakoa
Taberna
Cuevas_eu
Basozaina
Haur-instalazioak
Monumentu
Behatokia
Parkinga
Kanpaldia egiteko debekua
Jatetxea
Kirol eta gimnasia ibilbidea
© 2008 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco