
Informazio Gehiago
Durangaldean barrena egingo dugun txango hau Galdakaon, Bilbotik oso gertu dagoen herrian, hasiko dugu. Bertan, azpimarratzeko modukoa da monumentu izendatu duten Elexaldeko Andra Mari eliza, erromanikoaren eta gotikoaren elementuak uztartzen dituen eraikina. Ondoren, N-634 errepidea hartuko dugu Zornotzara joateko. Santa Mariari eskainitako eliza dute hirigunean eta, kanpoaldean, ostera, 18 ermita daude, tartean San Migelekoa.
Aurrera egingo dugu errepide beretik. 10 kilometrora dago Durango, eskualde osoari izena ematen dion herri dotorea. Bertan, hainbat monumentu aipagarri daude: Kurutziagako gurutzea, Uribarriko Santa Maria eliza eta Udaletxea. Azken eraikin horretan, eragin napoliarreko pintura deigarriak erabili zituzten fatxada apaintzeko, eta, horrez gainera, errenazimentuko elementu bakan batzuk ere baditu.
BI-632 errepidetik iritsiko gara Elorriora. Aurretik, Apatamonasteriotik, Atxondoko bailararen ataritik, igaroko gara. Merezi du bertako elizako erretaula bitxia ikustea. Elorriok, berriz, hirigune historiko-artistiko ederra du. Hiribilduak XVII. eta XVIII. mendeen artean izan zuen unerik gorena. Sasoi horretakoak dira Elorrioko karriketako armarridun etxe sendo eta dotoreak. Guztira, harrizko 69 armarri zenbatu dituzte monumentu-multzo izendatu duten herri honetan. Elorriotik gertu, iparraldera, Argińetako San Adrian ermitara eta nekropolira joan gaitezke. Bertan, benetako altxorra topatu zuten: Kristautasunaren aurreko bost hilarri eta XI. mendeko hogei bat hilobi.
Ondoren, BI-3321 errepidea hartuko dugu Berrizera joateko. Indarberritzeko, bertoko txuleta ederrak jan besterik ez dago. Hortik gora egingo dugu, Garai (Oiz mendiaren magalean dagoen auzoa) ezagutzeko. Momoitioko San Joan ermitaren ondotik izugarrizko ikuspegiak daude; Durangaldeko begiratokia esaten diote horregatik. Txangoari amaiera emateko, Iurretara joango gara San Migel eliza eta bere dorre ederra ikustera.

GEHIAGO JAKIN

INTERESGUNE NAGUSIAK

HORRI LOTUTAKO EDUKIAK

INFORMAZIO GEHIAGO