X
D4
Tolosa eta inguruak: Txindoki Bidea
Bidaia koadernoan sartu
Tolosa eta inguruak: Txindoki Bidea
Txindoki mendiaren ikuspegia
Tolosa eta inguruak: Txindoki Bidea
Informazio Gehiago
Hasteko, Tolosan zehar ibilalditxoa egingo dugu. Gipuzkoako alde zaharrik handienetakoa du lurralde horretako hiriburu ohiak. Garai horren lekuko izan ziren bi udaletxeak, Aldundiaren jauregia eta Idiakez eta Andia jauretxeak. Santa Maria parrokia eta Tingladillo merkatua ere nabarmentzeko modukoak dira. Bestalde, kultur jarduera ugari hartzen ditu Oria ibaiak zeharkatzen duen herriak. Inauteri ezagunek milaka pertsona erakartzen dituzte urtero, eta Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketak ere izen handia du.

N-1 errepidean aurrera egingo dugu Alegiaraino. Zubi Zaharra Erdi Aroko zubia eta San Joan Bataiatzailearen eliza ikusiko ditugu bertan. Kristo gotiko interesgarria gordetzen dute elizan. Alegiatik, GI-2133 errepidea hartu eta Txindoki (1.340 m) Aralarreko Parke Naturaleko gailur ezagunaren babesean dauden herrietara iritsiko gara: Amezketan herri arkitekturaren adibide garbiak aurkituko ditugu, tartean San Bartolome eliza; errepidean gora joanda, Abaltzisketan egingo dugu geldialdia. Bertan, elizpe erromanikoa duen San Joan Bataiatzailearen eliza ikustea merezi du.

Abaltzisketako inguruetan, Larraitzeko Andre Mariaren ermita dago. Mendi-ibiliak egiteko abiapuntu da leku hori: Txindoki mendiaren magalean dago eta, denbora eta, sasoia izanez gero, merezi du tontorrera igotzea. GI-2133 errepidera itzulita, Ordiziarako bidean, Goierrin sartuko gara.

Han, Zaldibia herria ikusiko dugu lehenik eta behin. Bertan, mondejoak (ardi-odolkiak) dastatzeko aukera paregabea dago, eta, behin indarberrituta, Ordizian amaituko dugu ibilaldia. Herri horretan ezagunak dira oso asteazkenero egiten duten merkatua eta monumentu historikoen multzo izendatu zuten alde zaharra.
© 2008 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco