
NON DAGO?
Egin klik mapan handiago ikusteko
Eraikin dotorez eta elizaz betetako hiribildu monumentalak; iragana gogora ekartzen diguten burdinola eta gatzagak; gailur garaiak dituzten naturguneak; eta landa giroan baserriz jositako guneak, industriaguneetatik gertu zenbait kasutan. Berezko nortasuna duten hiru eskualde (Tolosaldea, eta Urola eta Deba ibaien arroetako goiko aldeak) berezi egiten dituzte ezaugarri horiek: Gipuzkoa Berdea delakoaren barruan daude eta aldi berean monumentala, landa girokoa eta industriala den ingurua osatzen dute.
Oria ibaiaren ibilbideari jarraiki, Txindoki (1.346 m) mendiaren babesean kokatzen da Tolosaldea, Goierrirekin batera euskal kultura eta folklore tradizioak ondoen gorde dituen eskualdea. Tolosa, eskualdeko burua, Gipuzkoako hiriburu ere izan zen garai batean. Egun, urtean zehar antolatzen dituzten kultura jarduerek (abesbatzen eta txotxongiloen nazioarteko jaialdiak, tartean), txapelak egiteko tradizioak eta inauteri entzutetsuek egiten dute ezagun Tolosa. Halaber, ezin ditugu ahaztu herriko gozogintza oparoa, ezta denboraldiko produktuak salgai jartzen dituzten merkatu eta azokak ere. Azken horiek sarritan ikus ditzakegu inguru hartan. Izan ere, Tolosaldean gastronomia eskaintza aparta dago: Tolosako babarrunak, Ibarrako piperrak, sagardoa eta behi-txuletak... ohikoak dira bertan. Eskualdean barrualdera bagoaz, bestalde, Amezketa, Abaltzisketa eta landa giroko beste zenbait herri topatuko ditugu, bisitariak liluratuta utziko dituzten naturgunez inguratuta.
Urola eta Deba haranak
Menderik mende, landa eta hiri giroek bat egin dute Urola arroko goiko aldean. Zumarragak, Urretxuk, Legazpik eta Ezkio-Itsasok osatzen dute bertan Burdinaren Bailara delakoa. Urola ibaiaren ertzetan, ugariak izan ziren burdinolak, presak, errotak... Burdinaren kultura erabat errotuta dago inguru hartan, eta hori nabarmen islatzen da Mirandaola Legazpiko burdinolan, esaterako. Han, burdinarekin lan egiten zuten artisauen ogibide zaharra nolakoa zen erakusten dute. Gainera, abeltzaintzak eta nekazaritzak ere garrantzi handia izan zuten; Artzaintzaren Ekomuseoa (Legazpin hau ere) eta Igartubeiti Museoa (Ezkio-Itsason) dira horren adierazgarri.
Gipuzkoako barnealdea, gainera, monumentala ere bada. Ignaziotar lurraldean gaude bete-betean, eta Hiru Tenpluen Ibilbide ezagunak erromanikoaren, barrokoaren eta abangoardiaren altxorrak ezagutzeko parada ematen dio bisitariari, eraikin hauen bitartez: Antiguako baseliza Zumarragan, Loiolako basilika Azpeitian eta Arantzazuko santutegia Ońatin, Aizkorriko parke naturalaren magalean. Azken herri hori Debagoiena eskualdeko erakargarri nagusienetako bat da, izan ere, San Migel eliza gotikotik hasi eta Sancti Spititus Unibertsitate errenazentistara arte, arkitektura ondare bikaina du.
Bergara dugu eskualdeko beste hiribildu monumentaletako bat. Alde zahar historikoan oinetxeak, elizak eta hainbat eraikin historiko, Erret Mintegiaren (XVIII. mendean zientzialarien bilgune izan zen) egoitza tartean, ikus ditzakegu, besteak beste. Gipuzkoako hegoaldeko muturrean, berriz, Leintz-Gatzaga, gatzaren produkzioari lotutako herria, aurkituko dugu. Gaztelara joateko errege-bidearen igarobide garrantzitsua izan zen iraganean, eta, egun, hiribildura sartzeko hainbat ate ikus daitezke oraindik ere. Merezi du han alde zaharrean barrena ibiltzea edo Gatzaren Museoa bisitatzea. "Urre zuria" produzitzeko antzina erabiltzen zituzten instalazioetan dago hori.