
NON DAGO?
Egin klik mapan handiago ikusteko
Bizkaiko barnealde maldatsu eta ederrak kondairaz betetako mendi garaiak eta landa giroko haran sakonak ditu. Hango hiru gune nagusiek, Durangaldeak eta Arratiako eta Urduñako haranek, inguru erakargarria osatzen dute, inondik ere. Erdi Aroko hiribilduak eta Arabarekin partekatzen dituzten parke naturalak -Urkiola eta Gorbeia-, esaterako, ikustekoak dira.
Gipuzkoa eta Bilbo Handia lotzen dituen korridorea dugu Durangaldea, eta Bizkaiko eremurik landatarrenaren eta baketsuenaren izaerari eutsi dio. Durangotik Atxondorako tartean, leku eder askoak ezagutuko ditugu Urkiolako parke naturalean barrena bide eta bidezidorrei jarraituta. Inguru horretan Anboto (1.331 m), mendizale asko erakartzen dituen mendi mitikoa, dago zaindari. Hango zokorik ezkutuenean, Mari, Anbotoko dama eta euskal mitologiako jainkosa, bizi da.
Durango herritik bertatik abia gaizteke Urkiolara, hiribildu dotorean Erdi Aroko itxura duen alde zahar historikoa ikusi eta gero. Benetan ikusgarriak dira Durangoko udaletxe errenazentistako fatxada apaintzen duten margoak (napoliar eragina dute) eta Kurutziaga gurutze barrokoa. Elorrio ere herri garrantzitsua dugu eskualdean. Monumentu multzo historiko izendatu dute; izan ere, XVII. eta XVIII. mendeetako armarridun etxe eta jauregi sendo eta ederrak aurkituko ditugu han-hemenka, modu dotorean antolatuta. Herritik kanpo, Berrizerako bidean, Argiñetako nekropolia azpimarratuko dugu. Euskadiko hilobi-monumentu garrantzitsuenetakoa da eta Kristautasunaren aurreko hilobi eta hilarriak ageri dira, kareharriz eginak.
Arratia eta Urduñako haranak
Landa giroko paisaiak gogoko dituztenek eremu paregabeez goza dezakete Arratiako eta Urduñako haranetan, Bizkaiko hegoaldean, hain zuzen. Gorbeia (1.481 m) mendigunean jaiotzen den ibaiak eman dio izena Arratiari. Bizkaiko mendirik garaiena dugu Gorbeia, eta haren inguruan hedatzen da izen bereko parke naturala, azken urteotan oreinaren babesleku bikaina bihurtu den naturgunea. Hainbat udalerritatik sar gaitezke parkera, Zeanuritik, Arteagatik eta Areatzatik, besteak beste. Horietan guztietan, herri arkitekturaren erakusgarri diren baserriak ikus ditzakegu, inguru honetan ohikoa baita etxebizitza mota hori topatzea.
Urduña, bestalde, Bizkaian hiri titulua duen udalerri bakarra da. Arabako lurrez inguratuta, Erdi Aroan Bizkaia eta Gaztela lotzen zituen bideko igarobide garrantzitsua izan zen. Merezi du 1997an monumentu multzo historiko izendatutako alde zaharrean ibiltzea eta, adibidez, Foruen enparantzaren inguruko eraikinak ikustea. Herriaren inguruetan, Salbada mendilerroan barrena mendi-ibilaldiak edota, harkaitzezko hormatzarretatik abiatuta, hegaldiak egin ditzakegu, parapentea edo delta hegala erabilita, noski. Ugariak dira bazter eta txoko liluragarriak, Nerbioi ibaiaren sorburuko arroilak eskaintzen digun paisaia, esaterako.