
NON DAGO?
Egin klik mapan handiago ikusteko
Harresidun herrixkekin eta ardandegiekin tartekatzen diren mahasti ilarek marrazten dute Arabako lurralde historikoaren eskualderik ezagunena. Lur horietan ekoizten dituzte Errioxa Jatorri Izeneko ardoak. Tempranillo mahats motari eta inguru horretako ezaugarri geografiko eta klimatologikoei esker, nazioartean entzute handia erdietsi duten kalitatezko ardoa egiten dute eta, ondorioz, ardogintzaren kultura guztiz errotuta dago Arabako Errioxa osoan.
Kantabriar mendikatearen magalean, 12.000 hektarea mahasti daude Ebro ibaiaren ertzera arte. Arabako Errioxako paisaian berde kolore bizia nagusitzen da udaberrian, eta urre-gorri kolorea udazkenean. Lur emankor hauetan, mahatsondoak landatzeko baldintza ezin hobeak daude eta 200 ardandegik baino gehiagok ardorik gozoenak sortzen dituzte, ardozaleen gozagarri.
Arabako Errioxa ongi moldatu da, gainera, garai berrietara. Ardoa egiteko, tradizioa eta teknologia alorreko aurrerapenak ederki uztartzen jakin du eskualde honek. Azken urteotan, ardandegi berriak eraiki dituzte eta horietako batzuk ikusgarriak dira benetan, abangoardiako arkitekturari dagozkion diseinu berritzaileak dituztelako: Ysios eta Baigorri upategientzat, esaterako, Santiago Calatravak eta Iñaki Aspiazuk egin dute lan. Marques de Riscalek, bestalde, ardoaren inguruko gunea eraiki du, Frank Gehry maisuaren zuzendaritzapean. Zalantzarik gabe, ardoak dastatzea eta ardandegietara bisitak egitea dira egun eskualdearen erakargarri turistiko nagusienak, Arabako Errioxak gordetzen duen arte eta arkitektura ondare baliotsua (harresidun hiribilduak, oinetxeak eta historiaurreko aztarnak, tartean) ahaztu barik.
Historia aberatseko eskualdea
Arabako Errioxa osatzen duten 15 udalerrietatik Laguardia azpimarratuko dugu, eskualdeko burua delako. Muino baten gainean kokatuta dagoen herri honek berebiziko garrantzia izan zuen Erdi Aroan, arlo militarrean eta merkataritzan. Egun, harresiaren zenbait zatik eta hiribildura sartzeko hainbat atek zutik diraute. Gainera, azpimarratzekoak dira XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako etxe dotoreak. Santa Maria de los Reyes elizaren portada gotikoa, esaterako, Estatuan bakanetakoa dugu, polikromia modu ezin hobean gorde duelako.
Bestalde, Arabako hegoaldean gizakia aspalditik bizi izan dela argi eta garbi erakusten dute han aurkitu dituzten historiaurreko aztarnek. Laguardiatik oso hurbil, Hoya Burdin Aroko herrixka nabarmentzen da eta Bilarren, berriz, Artadia eta Sorginaren Txabola trikuharri ikusgarriak daude, besteak beste.
Leza, Eltziego, Oion, Lapuebla de Labarca eta Labastida dira Arabako Errioxako beste interesguneetako batzuk. Azken herri hori Toloño mendiaren babesean dago eta mendizale asko joan ohi da tontor horretara, izan ere, gailurretik ikuspegi bikaina dago: Ebro ibaia ikusten da, bere joanean. Badira harresidun erdiguneak dituzten beste herri txiki eta xarmangarriak ere, Buradon Gatzaga esaterako. Horiek guztiak ardoaren zaporea duen eskualde oparo honen historia biziaren lekuko dira.