
NON DAGO?
Egin klik mapan handiago ikusteko
Araba mendebaldeko haranetan, paisaia ezberdinek erabat txundituta utziko dute bisitaria. Landa giroko herrixkak han-hemenka topa ditzakegu urteen joan-etorrian apenas aldatu diren lur horietan, industrializazioak eragin txikia izan baitu inguruotan. Iparraldean, Zuia eta Aiara eskualdeak daude, ur-jauzi freskagarriak eta dorretxe trinkoak dituzten ibarrak, eta hegoaldean, berriz, Gesaltza Añanako gatzagek eta Valderejo Parke Naturaleko haizpitarte ikusgarriek paisaia bitxiak marrazten dituzte.
Zuia dugu Gasteiztik hurbilen dagoen eskualdea. Gorbeiako Parke Naturalaren mendi-adarretan kokatuta, ibilaldiak eta mendiko beste hainbat kirol egiteko aukera paregabea du bisitariak inguru horretan. Zuia eta Aiara eskualdeen artean, berriz, Urduña aurkituko dugu, Bizkaikoa izanagatik Arabako lurretan dagoen hiria. Handik oso gertu dago Nerbioi ibaiaren iturburua, eta, Delika arroilako begiratokitik, ikuskizun bikaina eskaintzen du: urak 300 metro egiten ditu behera, lurra berriro jo arte.
Gotorleku eta eraikin bikaineko lurraldea
Aiara eskualdea Arabaren ipar-ekialdeko muturrean dago. Historian garrantzi handiko igarobide izan da, Gaztelako eta Kantaurialdeko haranak lotzen baititu. Gotorleku eta eraikin bikaineko lurralde honetan, Kexaa herrian aialatarren oinetxea ikustea merezi du. Horrez gainera, nabarmentzekoak dira Arespalditza, Amurrio eta Laudio; Araban biztanle kopuru gehien dituzten udalerrietan bigarrena da azken hori.
Hegoaldean, berriz, Gobiaraneko ibarra dugu. Atlantikoko eta Mediterraneoko paisaien arteko trantsiziogunea da eta benetan inguru bitxiak topa ditzakegu bertan, Gesaltza Añanan, esaterako. Gatza erauzteko instalazioak, egurrezko egitura zuriak, hainbat mailatan antolatuta daude lurrazaleko gorabeherak aprobetxatuz, eta antzina ura lurrunduz gatza nola lortzen zuten ikus daiteke larrainotan.
Bestalde, naturarekin harreman zuzena izateko, Valderejoko Parke Naturalera joan gaitezke. Aisialdirako leku aproposa da, eta inguruko bazter eta txoko guztiak ezagutzeko aukera paregabea du bisitariak bederatzi bidezidorretan barrena murgilduz gero. Horien artean, Puron ibaiaren ibilbideari jarraitzen diona zinez azpimarragarria da, ur-jauziz eta putzuz josita baitago. Gainera, burua altxatuz gero, sai arrea ikusiko dugu hegan, janari bila.