X
X
D3
Arabako Lautada
Bidaia-koadernoari erantsi
Arabako Lautada
NON DAGO?
Egin klik mapan handiago ikusteko
Lurralde historikoaren erdi-erdian kokatuta, Arabako Lautada erromes eta merkatari askoren igarobide izan da betidanik. 11 udalerrik osatzen dute, eta, inguruan mendizerra eta tontor ugari dituen arren, orografia laua dauka; Zadorra ibaiak zeharkatzen du paisaia ederrez osatutako lur-sail zabala.

Hala, naturguneak dira nagusi Arabako Lautadan. Iparraldean, Elgea eta Urkilako mendilerroak ikus ditzakegu, eta, horrez gainera, Uribarri Ganboa urtegiaren ertzean, Garaioko parkea gailentzen da. Aisialdirako gune aparta da, zelai berdez inguratuta eta bainua hartzeko aproposa. Mendebaldean, Badaiako mendikatearekin egingo dugu topo, eta hegoaldean, berriz, Iturrietako eta Gasteizko mendiak ditugu.

Estibalizko santutegia, Euskal Herriko arte erromanikoaren eredu bikaina

Bestalde, ondare historiko eta kultural aberatsa du eskualde honek. Estibalizko santutegia, Euskal Herriko arte erromanikoaren monumentu adierazgarrienetako bat, aurkituko dugu Arabako Lautadaren bihotzean, Gasteizko kanpoaldean. Erdi Aroko gotorlekuak ere topa ditzakegu Arabako hiriburuaren inguruetan, Mendoza eta Martiodako dorreak, esaterako.

Duda barik, Gasteiz dugu Arabako Lautadako biztanle-entitaterik garrantzitsuena. Gune berde zabalak, oinezkoentzako kaleak, Erdi Aroko hirigune zaharberritua eta garapen orekatua: ezaugarri horiek bihurtu dute Gasteiz Europan bizi-kalitaterik onenetakoa eskaintzen duen hirietako bat.

Arabako Lautadaren mendebaldean, berriz, Agurainek bereganatzen ditu begirada gehien. Erdi Aroko alde zaharra eta hainbat jauregi ondo gorde ditu herri horrek. Hori aprobetxatzeko, denboran atzera egingo dugu historiaurrera arte eta orduko monumentu megalitiko bikainak, Aizkomendi eta Sorginetxe trikuharriak, ikusiko ditugu Egilatzen eta Arrizabalagan hurrenez hurren. Iparralderago, Zalduondo da Lautadako beste interesguneetako bat. San Adriango tunela igarota, Gipuzkoatik zetozen erromesak herri horretara iristen ziren. Egun, Zalduondoko inauteriek eta Markitosek, jaiotako pertsonaia ezagunak, ospe handia dute gurean.
© 2008 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco