
NON DAGO?
Egin klik mapan handiago ikusteko
Bizkaiko kostaldean, Ondarroa eta Muskiz bitartean dauden 150 kilometroetan zehar, kostako udalerriak, hondartza ugariak eta natur ingurune ederrak uztarturik ageri zaizkigu. Bertora hurbiltzen denak, arrantzako herri txikien ezaugarriak ezagutuko ditu, Bizkaiko kostaldean dauden 28 hondartzekin harrituta geldituko da eta mila espezietako hegaztiak aurkituko ditu Urdaibaiko Biosferaren Erreserban.
Ibaizabal-Nerbioi itsasadarrean abiatuko dugu gure ibilaldia, Portugaleteko Zubi Esekia (Bizkaia Zubia) bisitatuz. Abraren beste aldean Getxorekin egingo dugu topo, jauregi ugari daude bertan, eta baita Algortako Portu Zaharra ere. Kostaldea zeharkatzen duen paseo dotoreari jarraituz, Sopelanara iritsiko gara eta ondoren Gorlizera, hondartza naturalen jabe biak ere.
Naturguneak, surfa eta hondartza ederrak
Armintza kostako herria bisitatu ondoren, Bakiotik Bermeorako bidean, sekulako parajea izango dugu aurrez aurre: Gaztelugatxe eta Matxitxako lurmuturra. Bermeok, itsasoari lotutako herriak, Bizkaiko kostaldean iparralderen dagoen portua dauka; herri honetan dago Arrantzalearen Museoa ere, baina, Izaroko irla da zonalde honetako lekurik garrantzitsuena.
Kostaldean jarraituz, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbatik igaro eta Mundakara iritsiko gara; itsasoko kirol zale direnentzat erreferentzia nagusia da herri hau, eta surfak hartzen du indarra, batik bat. Sukarrietako hondartzak ere leku paregabea osatzen du, Lagari ongietorria emanez.
Bizkaiko kostaldeko bi herri bitxi aurkituko ditugu ondoren: Elantxobe eta Ea; maldan, bata bestearen gainean, eraikitako etxeek osatzen dute lehena, eta herri txikia baina oso atsegina da bigarrena. Lekeitiora iritsiko gara hurrena, Bizkaiko itsasoko udalerririk ederrenetarikora; hango hondartzak, San Nikolas irlak eta alde zaharrak xarma berezia eskaintzen diote herriari, jende askoren udako herrian bilakatuz Lekeitio. Ondarroan bukatuko dugu kostaldean zeharreko ibilbidea, ezaugarri bereziak dituen arrantzako udalerri ederrean. Bertan biltzen dira alturako euskal arrantzontzi gehienak.